INFO

Lehen graduan dauden preso politikoen egoeraren berri eman dio Etxeratek Foro Sozialari

Etxeratek eta Foro Sozialak bilera egin dute gaur eta bertan lehen graduan dauden euskal preso politikoen egoera aztertu dute. Kolektiboaren gehiengoa dira lehen graduan daudenak, 144 orotara.

Etxeratek eta Foroak bilera egin dute gaur. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Etxeratek Foro Sozial Iraunkorraren lana zoriondu du bi taldeek gaur egin duten bileran, «egungo salbuespen espetxe politikaren eta konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egin duen ekarpena ezagutarazteko».

Etxeratek Foro Sozialak sortutako Behatokiari bilera bat eskatu zion. Gaur egin dute lan topaketa hori, eta Iñaki Alonso preso ohiaren testigantza izan dute, 25 urte lehenengo graduan egon ondoren duela gutxi Kordobako espetxetik atera den preso ohia, «euskal preso politikoei lehen gradua aplikatzen dion espetxe paradigmatikotik». Alonsok graduan aurrera egiteko ahaleginak egin dituela gogoratu du Etxeratek, baina «mendekua eta jarrera inmobilista topatu du Kordobako espetxean eta Espainiako espetxe administrazioaren partetik».

«Ezin dugu ahaztu euskal preso gehienek lehen graduan jarraitzen dutela. Urrunago joan gabe, aurreko asteburuan, Rufino Arriaga Sevillako espetxetik irten zen lehen graduan 23 urte igaro ondoren, erregimenik murriztaileenean», gogoratu du Onintza Ostolaza abokatuak.

144 preso lehen graduan

Oraindik 144 euskal preso politiko lehen graduan daudela nabarmendu du Etxeratek. Horietatik batzuk egoera okerrago batean gaude isolamendu edo zigor moduluetan daudelako. Modulu hauek Huelva, Sevilla, Kordoba, Estremera eta Soto del Realen daude.
 
«Ahalik eta azkarren etxean egotea nahi dugu guk ere, senideei sufrimendua areagotzen duen espetxe politika baten mende egoteari utzi behar diogulako, hori dela eta, gure  senide presoei espetxe legediaren bidean aurrera egitea ez dezatela oztopatu eta eragotzi eskatzen dugu, eta beraz, espetxetik ateratzearen ikuspegitik, justizia arrunta aplikatzeko duten eskubidea errespetatzeko», gaineratu du Etxeratek.

Alonso eta Ostolazarekin batera, Patricia Velez izan da gaurko bileran Etxeraten izenean. Foro Sozialaren ordezkaritzak Aitzol Asla, Teresa Toda eta Agus Hernan izan dira.