Positibitate-tasa %5etik gora dago berriz EAEn eta %10tik gora Nafarroan: 753 kasu berri
Covid-19ko 418 kasu berri egiaztatu dira ostegunean EAEn eta kopuruak gora egin du berriz Nafarroan, 335 zenbatu baitira. Lau hildako daude herrialde honetan azken 24 orduetan, baina erietxeetan 18 pertsona gutxiago.
Ostiral honetan jakinarazitako datuak okerrak dira Hego Euskal Herrian. Bezperan baino ehunka PCR gutxiagorekin kasu berri gehiago azaleratu da (385tik 418ra) EAEn. Nafarroan ere aurreko egunetan baino kopuru handiago dago, 335 hain zuzen ere, 3.035 proben artean (%11ko positibitatea beraz, Estatu mailan murrizketak ezartzeko %10ekoaren muga gaindituz).
Azken herrialde honekin segituz, lau hildako eragin ditu birusak azken 24 ordu hauetan: 86 eta 97 urteko bi gizonezko, eta 64 eta 88 urteko bi emakumezko.
Erietxeetan 13 lagun ingresatu dituzte, baina 31ri alta eman dietenez 18 gutxiago daude orain, datu pozgarria beraz.
Lakuako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 7.946 proba egin dira ostegunean eta horietan 70 positibo izan da Araban, 142 Gipuzkoan eta 186 Bizkaian, gehi kanpoan bizi diren beste 20. Gipuzkoako emaitza zertxobait hobeagoa da asteazkenekoarekin alderatuz, baina beste biak txarragoak. Gainera, positibitate-tasa %5etik gorakoa da berriz, OMSk planteatzen duen langa gaindituz. Gora egin du ere birusaren hedapen mailak, 0,96an kokatuz.
Herriz herri begiraturik, elkarren ondoan diren Berriz zein Durangoko emaitza kezkagarria da: 19 eta 15 kasu berri agertu dira horietan.
Erietxeetan dagoenen kopuruan, aldiz, ez dago berri handirik. 36 lagun ospitaleratu dituzte ostegunean EAEn, eta Zainketa Berezietako Unitateetan 56 pertsona artatzen dituzte gaur, bezperan baino bat gehiago.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa hartzen dituen Pirinio Atlantikoetako departamenduan, berriz, positibitate-tasa %5,9koa da, eguneratutako azken datuen arabera. Irailaren 30era arte 40 pertsona zeuden erietxean departamendu osoan, horietatik sei zainketa intentsiboen unitateetan. Irailaren 22 eta 28 artean 10.118 test egin dituzte. Pandemia hasi zenetik 38 lagun hil dira.
Arabako zahar egoitzak, kasurik gabe
Gasteizko Lakua egoitzako azken gaixoak koronabirusa gainditu eta gero, Arabako zaharren egoitza publikoetan kasurik ez dagoela baieztatu du Aldundiak.
Era berean, Tagore egoitza pribatuan beste zazpik gainditu dute birusa eta haiekin guztira 78 dira koronabirusa pasa dutenak.
Gipuzkoako egoitzetan 17 positibo
Gipuzkoako Aldundiak emandako datuen arabera, herrialde honetako egoitzetan 17 positibo berri antzeman dira. Guztiak Donostiako Alai Etxe egoitzan izan dira. Bestalde, guztira 43 pertsona sendatu dira, Errenteriako Jesusen Bihotza zentroko egoiliar batek alta epidemiologikoa jaso ostean.
Gipuzkoako egoitza-sarea 65 zentrok eta 5.425 plazak osatzen dute eta, egun, covid-19an positibo eman duten egoiliarrak bost zentrotan daude: Hernaniko Santa Maria Magdalena (9), Errenteriako Jesusen Bihotza (4), Donostiako Alai-Etxe (27), Bergarako Mizpirualde (23) eta Donostiako La Paz (1). Beraz, 64 covid-19 kasu positibo daude Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileen artean.
Hamar dira ospitale-arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 30 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan artatuak ari dira izaten, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuen arretarako erreferentzia-zentroan. Abuztuaren 11n lehen positiboa atzeman zenetik, 43 adinekok gainditu dute gaixotasuna eta 25 pertsona hil dira.