Kanaky-Kaledonia Berrian independentisten aurrerapausua txalotu dute EH Bilduk eta EH Baik
Igandean Kanaky-Kaledonia Berrian independentistek izandako aurrerapausua nabarmendu eta txalotu dute EH BilduK eta EH Baik. Erreferenduma «elkarrizketa, negoziazioa eta akordioaren ondorioa dela» azpimarratu ondoren, 2022an independentzia lortzeko bidean daudela adierazi dute.
Kanaky-Kaledonia Berrian atzo egin zuten independentziaren aldeko bigarren erreferendumean baiezkoaren aldeko boza garaile atera ez bada ere, 2018an egindako lehen erreferendumetik emaitzak hobetu direla nabarmendu dute EH Bilduk eta EH Baik. Gogoratu dutenez, 2018an, baiezkoaren aldekoek bozen %43,33a lortu zuten, aurten aldiz %46,74a. Parte-hartzean ere 4,7 punTuko gorakada ezagutu dute.
EH Bilduk eta EH Baik Kanaky-Kaledonia Berriko hiritarrak zoriondu dituzte «ariketa demokratiko hau arrakastaz burutzeagatik».
«Modu berean UC/FLNKS eta mugimendu independentista zabal, barneratzailea zoriondu nahi ditugu, baldintza zail hauetan emaitzak hobetzeagatik. Argi dago gero eta hiritar gehiagok ikusten duela Estatu izateak ematen dituen tresnen ezinbestekotasuna, jendearen bizitza hobetzeko eta gutxieneko baldintza duinak bermatzeko. Azpimarratzekoa da ere, halaber, autoktonoak bizi diren sektore geografikoetan, independentziaren aldeko botoak %80a ordezkatzen duela», gaineratu dute talde abertzaleek.
«Gogora ekarri nahi dugu elkarrizketa, negoziazio eta akordioaren ondorioa dela erreferendum hau eta Kanaky-Kaledonia Berriko herriak berriro bere autodeterminaziorako eskubide besterenezina egikaritu duela», nabarmendu dute.
«Emaitza hauek 2022an erreferendum berria egiteko baldintzak ezartzen dituzte eta alderdi independentistek badituzte hori eskatzeko zenbakiak Parlamentuan. Emaitzek Kanakiar mugimendu suberanista egoera ezin hobean kokatu dute 2022an erabateko burujabetza eskuratzeko eta munduko gainontzeko estatuekin mahai inguruan batzeko», esan dute.
«EH Bilduk eta EH Baik lanean jarraituko dugu, honek ematen digun indar berriekin, Kanakyrekin eta gainontzeko munduko herriekin elkartasunez, euskal herritarrok ere gure Estatua izan dezagun eta Kanakyrekin, Eskoziarekin, Kataluniarekin, Irlandarekin eta munduko gainontzeko estatuekin dagokigun lekua izan dezagun», nabarmendu dute.