INFO

«Orainmenean», bertsolaritzaren genealogia feminista, Bilbon estreinatuko da ostegunean

Txakur Gorriak Sormen Kolektiboak eta Lanku Kultur Zerbitzuak elkarlanean, ‘Orainmenean’ izeneko ikuskizuna estreinatuko da Bilboko Euskararen Etxean ostegun honetan. Ekitaldiak Hi(ZKI)bridoak zikloa irekiko du.

‘Orainmenean’ ikuskizuneko kartela. (NAIZ)

‘Orainmenean’ bertsolaritzaren genealogia feminista «posible» bat da, iraganaren eta orainaren arteko bidaia, historiak ezkutatu dituen emakumezko bertsolariak ezagutarazteko eta egungo emakume bertsolariei aukera emateko. «Hasieratik esan dugu hutsune baten kronika egiten ari ginela eta hutsune horiek ere nabarmentzen saiatu gara», azaldu dute Txakur Gorriak-eko kideek. Ekitaldia ilustrazioen erakusketarekin osatuko da. «Ilustrazioek giro bat edo paisaia bat sortzen lagunduko digute».

‘Orainmenean’ ekoizpena III. Lanku Bekaren emaitza da. Partaideek adierazi dutenez, «Lanku Bekari esker izan da posible guk buruan genuen egitasmo bat aurrera eramatea. Orainmenean proiektua, ordea, ez da hutsetik sortzen, aurrez egin genuen lan baten jarraipena da, nolabait, eta bekak lagundu digu lan horretan gehiago sakontzen eta lan hori plazara eramaten».

Ekoizpenak bi helburu ditu bere baitan. Bata, iraganarekin lotuta dago, historikoki existitu ziren arren ahanzturak irentsi zituen emakume bertsolariak erreskatatu eta ezagutarazi nahi direlako. Bestea, aldiz, orainarekin lotuta dago; garai bateko andre bertsolari horiek abiapuntutzat hartuta, gaur egungo emakume bertsolariei elkarrekin kantatzeko eta esperimentatzeko gune berriak eskaintzea baita asmoa. «‘Orainmenean’ zubi moduko bat dela ere esan daiteke; iragana eta oraina lotzen dituen zubi bat», diote.

Liburuxka ere izango du proiektuak, eta liburuxka horretan emakume horiei buruz dauden datuak ageri dira, jasota bezala: batzuen kasuan liburuetatik jasotako pasarteak daude, gutxi batzuen kasuan beraien bertsoak ere iritsi zaizkigu, beste zenbaitetan izena eta jaioterria baino ez zaizkigu iritsi… Partaideen esanetan «hasieratik esan dugu hutsune baten kronika egiten ari ginela eta hutsune horiek ere nabarmentzen saiatu gara». Ilustrazioari dagokionez, batzuen argazkiak iritsi dira, askorenak ez… «Errealitatea den informazio falta hori islatzen saiatu gara».

Ilustrazioekin osatutako erakusketa saioan bertan integratuta egongo da; atrezzoaren parte izango da. Bildutako informazioa eta sortutako ilustrazioak liburuxka batean bildu dira, eta entzuleek eskura izango dute liburuxka hori saioan zehar. Gai-jartzaileak ilustrazio eta liburuxkako informazio hori abiapuntutzat hartuta jarriko ditu gaiak, eta bertsotan gai horiei erantzungo zaie: «Ilustrazioek, nolabait, giro bat edo paisaia bat sortzen lagunduko digutela uste dugu».

Estreinaldian Txakur Gorriako taldekideek kantatzea da asmoa baina hortik aurrera, proiektua askatu eta bere bidea egin dezan utziko da. Lankutik kudeatuko dira ondorengo bertso saioak eta «antolatzaileen nahiei kasu egin arren, bertso saio bakoitzean ordura arte kantatu ez duen andre bertsolari batek parte hartzea jarri dugu baldintza gisa. Horrela, ahalik eta emakume gehienei aukera ematea da asmoa».

Hurrengo emanaldia Bertsoaroaren baitan izango da Iruñean, azaroaren 17an, Condestable Jauregian. Liburuxka emanaldietan salgai egongo da eta Txakur Gorria Sormen kolektiboaren eta Lanku Kultur Zerbitzuen denda digitalean, 12 eurotako salneurrian.