Durangoko Azoka online plaza bihurtuko da egoerak bultzatuta
Landakoko ohiko stand-ez ordez, Durangoko Azokak online denda itxura hartuko du aurten. Jauzi hau osasun larritasun-egoerak bultzatuta egingo du euskal kulturaren erakusleiho nagusiak. 55. edizioan, sareei taupada hartuko die; halere, Landakon eta Plateruenan zuzeneko ekitaldiak mantentzeko ahaleginak egingo dira, beti aforo mugatuekin.
Nostalgia, tristura ukitu bat, eta ardura zantzuak, ostegun honetan Durangon. Erakunde publiko, babesle eta euskal kulturako sektore desberdinetako ordezkarien parte-hartze zabala izan du ondoan Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, goizean Plateruena antzokian egindako agerraldian.
Metafora gisa irakur zitekeen, gainera, urte bukaeran ateak itxiko dituen Durangoko kafe antzoki beteranoaren irudiak. Euskal kulturaren egoera hauskorraren metafora, alegia. Aurkezpenean, 55. edizioko kartela aurkeztu dute; irudi baikor bat, paisaia grisaren gainean mugimenduan dagoen kolorez betetako bihotza. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktoreak (‘Ane’ filmeko protagonista) «josi» du irudia.
Formula desberdinak
Datozen abenduaren 4tik 8ra –egun bat gehiago luzatuko da– burutuko da Durangoko Azokaren 55. edizio ezohiko hau. Saiakerak egin dira hilabete hauetan, ahal zen neurrian, betiko irudia eta martxa mantendu ahal izateko. Formula desberdinak ikertu dira baina egoerak behartuta, azkenean, bizirik jarraitzeko batez ere online bidea hartu behar izan dute.
Hori bai, eta gauzak hilabete hauetan aldatzen ez badira bederen, aurrez aurreko zuzeneko egitaraua mantentzen ahaleginduko dira.
Beraz, Durangok abenduaren hastapenean urtero hartzen duen euskal kultura plazaren «izpiritu» hori webgunean sortuko den denda birtualaren bitartez gauzatuko da. Bertan erosi ahal izango dira argitaletxe zein taldeen nobedade guztiak, eta han ere bidalketak eta ordainketak zentralizatuko dituzte. Klik egin eta otarrean sartuta ondoren, etxean eskuratu ahal izango dira erosketak.
Kultur sektoreen Azoka mantentzearen alde egiten duten apustu irmoa azpimarragarria da, kontuan izanik gehienak beraien weben bitartez saldu ohi dituztela beraien produktuak. Azokak salmenten %12 jasoko du, kudeaketa logistika gastuei aurre egiteko. Ostegun honetan bertan zabaldu da izen-ematea sortzaileentzat, doakoa izango dena.
Eta datorren astean Landakon eta Plateruenan egingo diren ikuskizun eta ekitaldiak –kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak...– emango dira jakitera.
Azoka mantentzearen garrantzia
Nerea Mujikak azpimarratu duenez, «guztiontzako segurua den Azoka» antolatzea izan da helburua. Azoka bertan behera uzteko erabakia hartu zezaketen –nazioarteko zenbait azokak hartu duten bidea, esaterako– baina Mujikak gogorarazi nahi izan du argitaletxe eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia duela Durangoko hitzorduak; urteko %22a, batez beste.
«Inoiz baino garrantzitsuago da plaza hau eskaintzea –esan du–. Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari».