INFO

Nafarroan positibo tasak %14ra egin du salto eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egoera ez da hobetu

12.710 PCR eginda, azken 24 orduetan 907 positibo neurtu dituzte Hego Euskal Herrian. Guztien artean, gaur ere, Nafarroako datuak dira kezkagarrienak, non 449 kasu berri atzeman dituzten eta positibo tasa %14koa den. Lau pertsona hil dira Nafarroan.

PCR froga gutxiago egin dira azken orduetan. (Gorka RUBIO/FOKU)

907 koronabirus kasu berri atzeman dituzte, azken orduetan, Hego Euskal Herrian. 12.710 PCR froga egin dituzte, atzo baino 800 gutxiago, eta positiboek, aldiz, gora egin dute. Horren ardura nagusia Nafarroak dauka, non 449 positibo berri zenbatu diren, 3.208 froga eginda. Honek %14ko positibo tasa utzi du.

Gainera, lau lagun zendu dira Nafarroan. 58, 76, 80 eta 97 urteko lau gizonezko.

EAEn, atzo, 9.502 PCR froga egin ziren, aurreko egunean baino 800 gutxiago. Eta, hala ere, lau positibo gehiago zenbatu dira, 458ra iristeraino.

Lurraldeka, Bizkaiak 199 positibo berri batu ditu, atzo baino lau gehiago. Gipuzkoan, berriz, 191 kasu atzeman dituzte (atzo baino bat gutxiago) eta Araban 61 kasu izan dira (hiru gehiago). Gainerako zazpiak EAEtik kanpo bizi diren herritarrei dagozkie. Oro har zenbaki nahiko antzekoak diren arren, kontuan hartu beharra dago PCR froga gutxiago egin direla. Honela, oinarrizko birsorkuntza tasa 1,04ean kokatu da. Egunak zeramatzan 1,00ko langa gainditu gabe.

EAEko ospitaleetan, aldiz, 37 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo Covid-19aren ondoriz eta 52 lagun daude ZIUn, azken egunean lau gaixo gehiago batu ostean. Hala ere, aurreko asteko zenbakietatik apur bat behera daude oraingoak. Nafarroan, berriz, 27 lagun ospitaleratu behar izan zituzten eta ZIUn 30 daude.

Herriz-herri, atzo albiste Azkoitia baldin bazen, gaur Iruni egokitu zaio. 25 kasu berri azaleratu dira azken orduetan. Azkoitian, aldiz, jaitsiera nabarmen izan da (23tik 6ra). Zegaman ere 17 positibo detektatu dituzte azken egunean. Azken honetako alkate Joseba Izagirrek adierazi duenez, ez dute eragin-gune baten berririk, baina «argi» dagoela kasuak agertzen ari direla. Osakidetzarekin kontaktuan daude, baina, momentuz, ez dute neurri berezirik hartzeko erabakirik hartu.

Hildako bat Arabako egoitzetan eta hiru Gipuzkoan

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak berri eman duenez, Gasteizko Florida Etxea etxebizitza komunitario pribatuan bizi zen pertsona bat hil da azken orduetan, koronabirusarekin.

Lurralde horretako nagusien egoitzetako erabiltzaile diren hamalau lagunek gainditu dute covid-19 gaitza.

Gipuzkoan, berriz,  Bergarako Mizpirualde zentroko beste bi egoiliar eta Donostiako Alai Etxeko bat hil dira koronabirusarekin. Bestetik, Errenteriako Jesus Bihotza zentroko egoiliar batek eta Mizpirualdeko beste batek gaixotasuna gainditu dute, eta herrialdeko egoitza sarean egiten ari diren PCR probek ez dute kasu positibo berririk atzeman.