INFO

Sahelen preso yihadisten eta bahituen arteko trukearekin haserre dago Armada frantsesa

Sophie Petronin bolondresaren eta beste hiru bahituen trukean askatutako 200 presoak, tartean yihadistak eta susmagarriak, Sahelen Al Qaedako buruzagiarekin bapo afaltzen ikusteak hautsak harrotu ditu Armada frantsesean.

Sophie Petronin trukean askatutako bolondresa, islamera bihurtu dela azaltzen duen zapiarekin, familiaren eta agintarien ondoan. (Gonzalo FUENTES/AFP)

Gainera, gero eta gehiago dira yihadistekin negoziatu behar dela diotenak, batez ere Afrikan bertan. Zer egiten dute 5.100 soldadu frantsesek han (50 hil dira eta 5000 zauritu)? Zer eta zertarako. Horra hor galdera. 

«Hau dena horretarako?» Militar frantsesak sentsazio gazi-gozoarekin hartu dute lau bahituren trukean 200 preso yihadista eta susmagarri askatu izana.

«Dikeak eraikitzen gauak eman ondoren batek ostikoka apurtzen duela ikustea ez da oso pozgarria», dio militar agintari batek, izen-abizenak eman gabe.

Batzuk duten frustrazioaren erakusgarri, batez ere yihadisten aurkako gerran bertan dauden 5.100 soldaduen arduradunen artean.

Azkein iraina sare sozialetan zera ikustea izan da; Iyad Ag Ghaly agintari tuarega eta Al Qaedaren menpe dagoen Musulmanen eta Islamaren Babeserako Taldearen (GSIM) buruzagia denaren argazkia, askatutako presoekin hauen omenen egin zen otoruntza batean.

Sophie Petronin ekintzailearen eta beste hiru bahituen trukean askatutako 200ak yihadistak direla ez dago garbi, batzuk sarekadatan atxilotutakoak edota susmagarriak direlako. Baina hauen artean badaude Katiba (brigada) yihadisten buruzagiak, Barjane operazio frantsesak atxilotu eta Maliko agintarien eskuetan utzitakoak. Gutxienez 29.

Estatu frantsesak beti aldarrikatu du «terroristekin ez dagoela negoziatzerik» eta Maliri egotzi dizkio presoen trukaketa bideratzeko ahaleginak, Armaden ministra den Florence Parly-ren esanetan.

Ministra eta Armadako Estatu Nagusi burua, François Lecointre, elkarrekin atera dira «yihadismoaren aurkako gerran irmo jarrraitzen dugu» azpimarratzera.

Baina zalantza hor dago, eta Sahelen yihadismoa garaitu ahal izateko ezintasunak elkartu egiten du.

Yihadistekin negoziatzea

Hori dela eta, yihadistekin negoziatu behar dela ideiarekin ados daudenak gero eta gehiago dira. Azkena Afrikako Batasunean Bakea eta Segurtasuna arloko komisarioa, Smail Chergui. «Extremistekin hitzegin behar da armak utz ditzaten», esan du 'Le Temps' egunkari suitzarrean iritzi artikulu batean. Eta AEBek talibanekin adostu duten akordioa jartzen du adibide gisa.

Senatu frantsesean Defentsa batzordeko presidenteak, Christian Cambonek, hildako 50 soldaduak eta zauritutako 500ak ekarri ditu gogora. «Askatutako hainbat yihadistek eskutan odola dutela kontutan hartuta, kide fidagarria al da Mali?», galdetu du, baldintza horietan Barjane operazioaren etorkizuna zalantzan jarriz.

Momentuz, ofizialki lasai omen dago Gobernua. Baina Emmanuel Macron presidenteak urtea bukatu baino lehen Estatu frantsesak Sahelean duen parte hartzeari buruzko hausnarketa iragarri du.