Ohorezko Mailara igotzeko play offa jokatzea erabaki du Hernanik
Ohorezko Mailan jokatzeari uko egin dio CR Santanderrek eta, beraz, Hernanik onartu egin du Federazioak emandako eskubidea eta Les Abelles talde valentziarraren aurka jokatuko du partida erabakiorra Zaragozan, igande honetan, 13.00etan.
«Hernani Club Rugby Elkarteak Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketa jokatzea erabaki du. Klubean, jokalariengan eta oro har elkarte guztia inguratzen duen alderdietan pentsatuta hartutako erabakia izan da». Hala azaldu du astelehen honetan Hernani taldeak, prentsa ohar baten bidez, hartu duen erabakia.
CR Santander taldea iragan urriaren 9an egindako Ohorezko Mailako egutegiaren zozketan sartu behar zen, baina Espainiar estatuko kategoria gorenean jokatzeari uko egin dio babesleekin izan dituen arazo batzuengatik. Ondorioz, Kantabriako taldeak 12.360 euroko isuna jaso eta datozen bi denboraldietan ezin izango du Ohorezko Mailan jokatu.
Gaur, 20.00ak arte, zuten erabakitzeko eskubidea. Hala, hernanik onartu egin du, baina Jaenek, dirudienez, ez. Izan ere, talde gipuzkoarrak adierzi duenez, aurkaria Les Abelles valentziarra izango da. Partida erabakiorra Zaragozan jokatuko da, igande honetan, 13.00etan.
«Aurreko denboraldiko Ohorezko B Mailako B taldeko irabazleak dira eta lehia polita espero da iganderako. Saria handia da, eta irabaziz gero bi aste barru berriro ere maila gorenera itzuliko litzake Hernani», amaitu du talde gipuzkoarrak.
Saria lortuz gero, Ohorezko Mailan Ampo Ordizia eta Getxorekin jokatuko luke Hernanik.