Euskal Herriko hiru ordezkaritza instituzionalek bat egin dute Euskaraldia bultzatzeko
Eusko Jaurlaritzak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Nafarroako Gobernuak Euskaraldian parte hartzearen garrantzia azpimarratu dute Baionan burutu den agerraldian. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea helburu duen ariketa kolektiboan parte hartzera gonbidatu dituzte Euskal Herri osoko biztanleak.
Nafarroako Gobernuko ordezkaritzak fisikoki Baionan egon ezin izan duen arren, Eusko jaurlaritzako eta Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariekin bat egin du azaroaren 20a eta abenduaren 4a bitartean Euskal Herri osoan burutuko den Euskaraldia ekimenari bere sostengua adierazteko.
Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Miren Dobaran Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topagunearen lehendakariak egin duten aurkezpenean Euskaraldiaren bigarren edizioaren inguruko zenbait datu eskaini dituzte.
Guztiek bat egin dute elkarlanaren garrantzia azpimarratzeko orduan. Horrela, mugaz gaindiko elkarlana garatzeaz gain, Euskaraldia erakunde publiko eta eragile sozialen artean antolatutako ariketa kolektiboa dela oroitarazi dute eta herritarrei, parte hartu ahal izateko, izen emateko deia egin diete.
Euskara bizi dadin
Jean Rene Etchegarayk euskaraz eman die ongi etorria prentsaurrekora gerturatu direnei eta, Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakari gisa, Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko Lapurdiko hiriburua hautatu izanak «poza» eragiten diola aitortu du.
Euskal Elkargoak euskara sustatzeko burutu dituen zenbait egitasmoren berri eman ostean, ahobizi eta belarriprestei Euskaraldian parte hartzeko deia egin die Etchegarayk, «euskara bizi dadin urte askorako», nabarmendu du euskaraz erakunde horretako lehendakariak.
Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari berriak ere Euskal Elkargoak eman dituen urratsak oroitarazi ditu eta Euskaraldia sustatzeko 40.000 euroko diru laguntza eman dutela jakinarazi du. Horrez gain, Curutcharryren esanetan Euskal Elkargoak 30 arigune proposatu eta hamar sentsibilizazio tailer antolatu ditu, eta 158 udali Euskaraldian parte hartzeko gonbita igorri die.
EEPko lehendakari eta Euskal Elkargoko lehendakariorde den Curutcharryk eremu publikoan euskaraz egin ahal izateko bitartekoak eskaintzeak duen garrantzia azalarazi du eta bi helburu nagusi nabarmendu ditu: euskararen transmisioa bermatzea eta euskararen erabilera sustatzea. Bere hitzetan, «Ipar Euskal Herrian sei pertsonatik bat euskaraz mintzatzeko gai da, ez da gutxi, baina ingurune hurbiletik irtetean jendeak ez du euskara erabiltzen».
25.000 arigune
Aurtengo Euskaraldiaren datu orokorrak Miren Dobaranek eskaini ditu. Lakuako Hizkuntza Politakarako sailburuordeak aditzera eman duenez, guztira 412 udalerrik bat egin dute Euskaraldiarekin (2018an 405 udalerrik parte hartu zuten), eta horietatik 66 udalerri Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan dira.
Horrez gain, bigarren edizioan berrikuntza izango den ariguneei dagokienez, guztira 25.000 arigune antolatu dira. Horrela, 6.700 entitatek baino gehiagok Euskal Herri osoan dituzten 8.200 egoitzetan ariguneak antolatu dira. Hots, Dobaran sailburuordeak azpimarratu duenez, «indar handiena euskararen normalizazioaren alde dagoen Euskal Herriko biztanleriaren gehiengo zabala da».
Itxaropentsu
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria den Kike Amonarrizek «pandemiak euskara ere kolpatu duela» adierazi du, baina bere iritziz, Euskaraldia «egoera zail honetan bizitza soziala aktibatzeko» bitartekoa izan daitekeen neurrian, «itxaropena» sortuko duen ekimena izan daiteke.
Amonarrizek txapak eskuratzeko izena ematea derrigorrezkoa dela ohartarazi du eta ahobizi zein belarripresten errolak zehaztu ditu: «Ahobizia da euskaraz ulertzen duten guztiei 15 egunez euskaraz aritzeko konpromezua hartzen duena, eta belarripresta, berriz, besteek euskaraz egin diezaioten prestutasuna erakusten duena».
Amets Lahetjuzan Euskal Konfederazioko ordezkariak euskal hiztunek instituzio publikoetan euskaraz egin ahal dezaten ezartzen ari diren neurriak azaldu ditu eta pozik agertu da «euskararen erabilera agenda politikoan sartzea lortu» delako. Aitzitik, ohartarazpen bat ere egin du:«Euskara erabili behar dugu bere geroa bermatzeko modu bakarra baita».