INFO

Jan Tratnik izan da irabazlea Giroko hamaseigarren etapan

Eslobeniarrak Ben O'Connor menderatu du helmugatik 500 metrora kokatuta zegoen aldapa gogorrean eta bera izan da indartsuena etapa garaipena jokatu duen 28 txirrindulariko ihesaldian. Tropelak eguna lasai hartu du, baina Joao Almeidak ere erasoa jo du azken aldapa horretan, beste faboritoei bizpahiru segundo sartuz. [Sailkapenak]

Tratnik, helmugan garaipena ospatzen (Luca BETTINI / AFP)

Jan Tratnik eslobeniarrak irabazi du Giroko hamaseigarren etapa, 228 kilometro Udine eta San Daniele del Friuli artean. Bahrain taldeko txirrindularia izan da indartsuena etapa garaipenaren jokoan ibili den multzo jendetsuan.

Guztira 28 txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia: Ruben Guerreiro, James Whelan (EF), Giovanni Visconti, Lorenzo Rota (Vini Zabu), Einer Rubio, Sergio Samitier (Movistar), Matteo Fabbro, Pawel Poljanski (Bora), Larry Warbasse, Francois Bidard, Geoffrey Bouchard, Andrea Vendrame (AG2R), Salvatore Puccio, Ben Swift (Ineos), Manuele Boaro, Fabio Felline (Astana), Ben O'Connor (NTT), Enrico Battaglin, Jan Tratnik (Bahrain), Julien Bernard (Trek), Joey Rosskopf, Kamil Malecki (CCC), Filippo Zana, Alessandro Tonelli (Bardiani), Alessandro Bisolti, Jefferson Cepeda (Androni), Stefano Oldani (Lotto Soudal) eta Valerio Conti (UAE).

Ruben Guerreiro izan da bakarka aurrera egiten saiatu den lehen txirrindularia, mendiko puntuak biltzeko asmoarekin gehien bat. Eta atzetik, haren bila irten dira Boaro eta Tratnik. Monte di Ragogna mendatean gora, helmugarako 40 bat kilometro falta zirela, Tratnik bakar-bakarrik joan da aurrera, Boaro atzean utzita.

Kilometro asko eta asko egin ditu eslobeniarrak lasterketaren buruan, etapa amaiera kokatuta zegoen zirkuituan indar asko xahutuz, eta Monte di Ragognako azken igoeran Ben O'Connor atzetik aurrera etorri eta harraptu egin du Bahrain taldekoa.

Etapa garaipena bien ratean zegoen, bazirudien gainera O'Connor indartsuago zegoela atzetik aurrera etorrita, baina helmugatik 500 metrora kokatuta zegoen azken aldapatxoan Tratnik izan da eraso bikaina jo eta garaipena eskuratu duena.

Atzetik O'Connor bigarren izan da sei segundora eta Bahrain taldeak eguna borobiltzea lortu du Enrico Battaglin italiarrak hirugarren egin baitu atzoko taldetxoko esprinta irabazita.

Tropelak oso lasai hartu du jardunaldia, datozen egunetan datozen mendiko etapa handien beldur seguruenik, eta ia 13 minutura sartu da helmugan. Hori bai, Joao Almeidak erasoa jo du azken aldapan eta bizpahiru segundo sartu dizkie beste faboritoei.

Ez du etekin handirik atera portugaldarrak, baina lider jarraituko du Milanora iritseko bost egunen faltan eta indartsu dagoenaren mezua bidali die sailkapen nagusiko best oilarrei.