Ostatu batzuk itxita, baina jende anitz kafea hartzen terrazetan
Irudi bitxiak utzi ditu etxeratzeko aginduaren lehenengo gauaren biharamunak Ipar Euskal Herrian. Baionatik Maulerat, hainbat ostatu itxi dituzte, beste batzuk ez. Harreman soziala murrizteko Prefeturak eginiko deiak ez du beti oihartzun berdina ukan. Terrazak beteta izan dira, edozein larunbat eguerdian bezala, Baionako merkatuaren inguruko ostatuetan.
Noiz sartuko da indarrean etxeratze agindua Ipar Euskal Herrian? Galderak ez du erantzun erreza. Joan zen ostegunean Jean Castex lehen ministroak azaldu zuenaren arabera urriaren 24n larunbatean 00.00tan plantan emango zen gauez etxetik irteteko debekua. Beraz, bart sartu zen indarrean debekua? Edo gaur gauean?
Atzo, Pirinio Atlantikoen departamenduko buru den Eric Spitz prefetak «malgutasun» hitza izan zuen aipagai etxeratze aginduaren gauzapena azaltzeko eginiko agerraldian.
Spitzek azaldu zuenez, asmoa ez da lehen unetik isunak ezartzea, baizik eta denbora hartzea pedagogia egiteko eta herritarrengan osasun erronkari buruzko konzientzia hedatzeko. Hots, ostiral gauean baino larunbateko gauari begira jarri zen, neurri batean, estatu ordezkaria. Anabas gehiago sortzeko aukera emanez.
Etxeratze aginduarekin batera Prefeturak beste hainbat neurri murriztaile iragarri zituen.
Hala nola etxeratze agindua iraunen duen bitartean, hiruz astez ostatuak ixteko agindua eman zuen. Gauez, bistan da, baina baita egunez ere.
Jatetxeen kasuan, irekiak izanen dira egunean zehar. Alta, gaueko zerbitzua ezin izango dute eman, bai ordea etxera eramateko bazkaria banatu.
Horretaz gain beste hainbat eraikin publikoak itxita izanen dira -kiroldegiak, erakusketa gelak, kasinoak, erakus azokak...-.
Harreman sozialak murriztu.. kafe baten bueltan
Gaur goizean Prefeturak oharra bidali du debeku bilduma horri buruz xehetasun guztiak emanez. Horrekin batera norberaren erantzukizuna oroitaraziz harreman sozialak ahal den eta gehien murrizteko beharra oroitarazi du.
Erabaki horiek zer eragina izan dute karrikan? Gaur goizean oso bestelako irudiak atzeman ditugu Ipar Euskal Herriko hirietan. Baiona Ttipian, ostatu anitz itxita ziren.
Merkatuaren inguruko terrazetan, ordea, edozein larunbat eguerdiko irudia ikus genezake. Bezero anitz, eguzkiaren epeltasunaz gozatuz, kafea hartzen.
Zuberoko hiriburuan, beste hainbeste. Ostatu batzuk pertsiana itxita zuten, beste batzuk, ordea, goizean goiz kafea eta kalakaldiaz profitatzeko heldu diren bezeroak hartu dituzte.
Etxeratze agindua (teorikoki) aplikatu den lehenengo gauearen biharamunak oso bestelako irudiak utzi ditu. Bihar, agian, beste irudi batzuk osasun larraialdian gaudela oroitaraziko dizkigute.
Edonola ere, pandemiari erantzuteko hartzen diren neurriek ohitura sozialak aldatzeko orduan agertzen dituzten mugak agerian utzi dizkigute gaur gaurkoz Iparraldeko karriketan ikusi ditugun irudi anitz.