Michael Woods nagusitu da Gaubean amaitu den Vueltako zazpigarren etapa ikusgarrian
Education First taldeko kanadiarrak aurrea hartu dio Omar Fraileri azken kilometroan eta bere bigarren garaipena erdietsi du Vueltan, aurrekoa ere Euskal Herrian lortua, Oiz mendian amaitu zen etapa gogoangarrian. Carapazek lider jarraituko du, baina Ineosek lan asko egin behar izan du. [Sailkapenak]
Michael Woods kanadarrak irabazi du Vueltako zazpigarren etapa, 159 kilometro Gasteiz eta Uribarri Gaubea artean, ikusgarria suertatu den jardunaldiari errematea eman eta Omar Fraileri aurrea hartuz. Bizkaitarra garaipena lortzetik oso gertu izan da, Alex Aranburu taldekidea ere zazpigarren sartu da, eta Astanak igandean Izagirre anaiekin emandako erakustaldiari jarraipena eman dio.
Arabako etapa, Joseba Belokik mimoz prestatutako ibilbidean, ikusgarria izan da, etapa garaipena lortzeko borroka sailkapen nagusiko borrokarekin nahastu delako hasiera-hasieratik. Izan ere, Urduñako lehen igoeran antolatu den ihesaldi jendetsuan sailkapen nagusian Richard Carapaz liderrarengandik oso gertu zeuden txirrindulariak sartu dira: Alejandro Valverde (hiru minutura), George bennett (3:22ra), Mikel Nieve (3:28ra) edota Kenny Elissonde (4:11ra).
Ihesaldia osatu duten txirrindulariak hauek izan dira: Alejandro Valverde, Carlos Verona, Jose Joaquin Rojas (Movistar), George Bennett, Sepp Kuss, Paul Martens (Jumbo) Kenny Elissonde, Juan Pedro Lopez, Niklas Eg (Trek), Guillaume Martin, Jose Herrada, Victor Lafay, Pierre-Luc Perichon (Cofidis), Davide Formolo, Rui Costa (UAD), Georg Zimmermann (CCC), Romain Sicard, Niki Terpstra (Direct), Nans Peters, Dorian Godon (Ag2r), Robert Power, Thymen Arensman, Michael Storer (Sunweb), Michael Woods, Magnus Cort (EF), Jonathan Lastra (Caja Rural), Ide Schelling (Bora), Omar Fraile, Alex Aranburu (Astana), Tim Wellens (Lotto Soudal), Matthieu Ladagnous (Groupama), Oscar Cabedo (Burgos), Jannik Steimle (Deceuninck) eta Stefan de Bod (NTT).
Urduña igo osteko kilometro lauetan, Carlos Veronak eta Jose Joaquin Rojasek lan asko egin dute Valverderen mesedetan tropelarekiko aldeak handitzeko, eta tartea bi minututik gorakoa izan da uneren batean. Tropelean Ineosek ere lana egin behar izan du egun guztian aldeak murriztu ahal izateko.
Aurreko multzoa Urduñako bigarren igoeran apurtu da behin betiko. Eraso gogorrena Michael Woods berak jo du eta mendate gainetik lasterketa buruan bakarrik igaro bada ere, atzetik laukote bat asko gerturatu zaio. Omar Fraile bizkaitarra zegoen taldetxo horretan, Valverde, Nans Peters eta Guillaume Martinekin batera.
Jaitsierako lehen metroetan denek bat egin dute aurrean eta boskotea izan da etapa garaipena jokatu duena, nahiz eta atzetik zetorren taldetxoa ere gain-gainean izan duten azken kilometroetan.
Boskote horretan denak saiatu dira txandaka-txandaka erasoa jo eta helmugara bakarka iristen. Omar Frailek ere egin du ahalegin oso ona, baina zoritxarrez ez du lortu bere helburua eta azkenean Woods izan da aurrera jo eta metro batzuk aterata helmugan irabazle sartu dena. Fraile bigarren izan da lau segundora, Valverde kurpilean zuela, eta Peters laugarren zortzi segundora, Martin atzetik zuela.
Atzeko taldetxoa 13 segundora iritsi da azkarrena Rui Costa izan bada ere, Alex Aranburuk zazpigarren postu ederra sinatu du, Astana taldearen lana borobilduz.
Tropelak aldeak nabarmen murriztea lortu azken kilometro horietan, Andrey Amadorrek egindako lan bikainari esker, eta Carapazek lider jarraituko du sailkapen nagusian. Valverde bederatzigarren jarri da, postutxo bat igoz, eta Bennett hamargarren hiru postu gora eginez.
Aipagarria da Michael Woodsen lana Euskal Herriko errepideetan, gaurkoa Vueltan lortzen duen bigarren garaipena baita eta aurrekoa Oiz mendian amaitutako etapa gogoangarrian lortu zuen.