INFO

Konfinamendu garaiko eskolan, ikasleak maskara aurpegian eta burasoak ziurtagiria eskutan

Azkaingo ikastolara hurbiltzean ezohiko irudia ikusi da astelehen goiz honetan: alde batetik, ikasleek ere maskara daramatelako; bestetik, burasoak etxetik atera daitezkeela dioen agiria eskutan bertaratu direlako. Hego Euskal Herrian ez bezala, Bidasoaren iparraldean, bigarren hezkuntzan soilik zeramatzaten ikasleek musukoa orain arte, baina ostiralean abiatu zen konfinamendu garai honetan, beste gauza anitz bezala, hori ere aldatu egin da.

Azkaingo ikastolako haurrak lehen aldiz maskararekin joan dira klasera. (GUILLAUME FAUVEAU)

Ipar Euskal Herria konfinamenduan da joan den ostiraletik, eta egoera berri honetan, oporren ondoren, ikasleak lehen aldiz joan dira klasera astelehen honetan. Aurreko egoerarekin alderatuta, lehen hezkuntzako zentroetan aldaketa nagusia maskararen erabilerari dagokiona da, sei urtetik gorako haurrek ere eraman behar baitute orain. Aldaketa handia da, eta helduen artean kontrako iritziak nagusi diren bitartean, alde daudenak ez dira gutti, eta maskara soinean daramaten haurren artean denetarik entzuten da.

Hain ageriak ez badira ere, bestelako neurriak ere bete behar dira bai zentroen barruan, baita kanpoan ere. Izan ere, astelehen honetan ikasleek eta haien ardura duten helduek eskolara legez joan ahal izateko ziurtagiri bat eskutan joan behar izan dira. Zentrotik emailez bidalitako agiria etxean beteta atera ahal dira konfinamendu garai honetan, ezin baita karrikara nolanahi atera.

Neurriak neurri, ikastolako patioan haurrak lasterka, Pokemon kartak aldatzen zein elkarren artean mintzatzen ari dira, ohi bezala, baina lehen aldiz maskara soinean dutela. Ia ez dago erdi jantzita daramanik, nahiz eta mugitzen egon. Denek ulertu dute, egun osoan zehar musukoarekin egon beharko direla, eta horren inguruan iritziak partekatuak dira, alde zein kontrakoak, burasoen artean bezala, nahiz eta denak ados diren eramatea «aspergarria» dela.

Neurriak

Haurrak musukoa eramateko txikiegiak direla uste du Maddi Zubeldia ikastolako zuzendariak. Atezain dago, haurrei ateka irekitzen, eta hezkuntza zentrora sartu ezin diren gurasoei harrera egiten. Batzuekin eta besteekin mintzatzen da konfinamendu garai berri honetan, eta horrela egin du ere, gure galderei erantzunez. «Neurri berrietan larriena gure ustez da sei urtetik gorako haurrei maskara inposatzea, oso gogorra da haurrendako. Medikuntzan izango dituzte beraien adituak, baina psikologikoki horrek kalte handiak ekarriko dituela uste dugu, eta ezin da bete, beharrik, haurrak mugituko du, kenduko du, jaitsiko du».

Burbuilaka funtzionatzea, talde nahasketa ekiditea da beste neurrietako bat, baina horri buruz zehaztu du: «Neurri horrekin segitzen genuen joan den ikasturtetik, konfinamendua bukatu eta klasera itzuli zirenetik». Garbiketa aldetik zorroztasuna handitu egin da, eta gelak egunean zehar aireztatzea, eta mahaiak distantzia errespetatuz, eta parez-pare egon gabe. «Argi dagoena da, haur guztiak hartu behar ditugula ikastolan, beraz, neurriek zorrozte itxura daukate, baina gero egiten dugu ahal duguna» azaldu du.

Eskola oporrak amaitu berri diren momentuan eman dira abian neurri berri hauek, eta Akademia Ikuskaritzatik, dena martxan emateko astebeteko epea eman die zentroei. Horien artean gurasoak informatzea badago, nahiz eta beraiek oraindik zehaztapen guztiak ez dituzten izan.

Ziurtagiriak ematea ere bada zentroen lanetan, oporretako azken egunetan jaso zituzten emailez haurren ardura duten pertsonek konfinamendu garai honetan hezkuntza zentroetara seme-alaben bila joateko atera direla adierazten duen papera. «Korrika eta presaka» egin behar izan zuela baieztatu digu zuzendariak, zentroaren zigilua behar baitu agiriak. Astelehen honetan lehen aldiz, ziurtagiriak gainean daramatzatela hurbildu dira helduak ikasleak uztera, eta horrela izan beharko da hemendik goiti ere, konfinamendua amaitu arte behintzat.

Musuko ‘aspergarria’

«Gaizki, oso gaizki» dela dio Janirek, eta jada tarkeka airea hartzeko segundo batzuez kentzen dutela aitortzen badu ere, beren kideek bezala soinean darama. Egunean zehar tarteka airea hartzeko kenduko duela  baieztatu du, baina denbora gehiena eramanen duela ere segurtatu du.

Beste batzuk aldiz, Gexanek eta Ikerrek bezala, beharrezkoa dela ulertu dutela diote, eta ez dutela kenduko gaineratu, nahiz eta lehen egun honetako lehen minutuetan esandakoak, egunaren bukaerarako nola betea izanen den ikusteke dagoen oraindik. «Pixka bat aspergarria da, baina ulertzen dut gure onerako dela» dio Laiak bere aldetik. Eta kontatzen digu bere lagunen artean batzuk, musukoak ez duela ezertarako balio diotela.

Ados edo ez, maskara eman behar dela onartu eta gehiegi pentsatu gabe daramatenak ez dira gutti, bereziki ttipiagoen artean. Arazo handiena betaurrekoak eramateak direla nabarmendu dute Enekak eta Ainhoak, «lurruna ematen zait beiretan, aspergarria da» diote biek, eta lurruna desagerrazteko musukoa kendu gabe nola jarri behar den erakusten digu azken honek. 

Denisek, 10 urte dituen Andderen amak, bere iritzia kontrakoa dela adierazten badu ere, bere semeak maskara eramatea, joko bat bezala ikusten duela azaldu du: «Sekulako maskarak dauzkagunez nire ahizpak egindakoak, moda bezala hartzen du, goizean zein hartuko duen, eta arratsaldean zein… Goizean ari zen esaten, ea nork izanen duen maskararik politena, joko bat bezala. Gero erran nau, ‘amatto ez dakit soportatuko dudan egun osoa’, zeren egia da joaten garelarik erosketak egitera, kentzen duela fite-fite».

Antzeko egoera azaldu du hiru haur dauzkan Jonek: «Bi maskararekin etorri behar dira, eta beraiei ez zaie hain traumatikoa iruditzen, guri tristea iruditzen zaigun arren, eskerrak horrela dela. Momentuz jartzen dute, gero, ez dute luzaz atxikitzen. Zazpi urtekoa berehala itotzen da, ez du aguantatzen, handiak hobekiago, eta txikiak ez du behar, baina zerbait sumatzen du».

Burasoak

Konfinamenduak gauzak aldatu dituela onartzen badu ere, Denisek ikasturte hasieratik izan diren aldaketen inguruko iritzia eman du: «Egun batean erraten dute behar dela, hurrengo egunean ez dela behar, egia esan ez dakizu zer pentsatu, niretzako txikiegiak dira horrela ibiltzeko egun osoan, ez dute gordeko sudurraren gainean». Hezkuntza zentroetatik kanpo dagoen ardura ezarekin parekatu du: «Gero bizitzan jendeak ez du kasurik egiten, ostiralean Donibane Lohizunera joan nintzen eta hondartza betea zen, jendea bainatzen, udan bezala, sinestezina».

Panpik maskararen eraginkortasuna jartzen du zalantzan, ez osasun politika orokorrean: «Gaizki erabilia den maskara bat arrisku gehiago ekartzen du ez erabiltzeak baino, zure paperezko musuzapi bat nonahi uztea bezala liteke, eta birusa kutsatzeko erarik ia hoberena da, beraz adin horretan haurrek maskara erabiltzearen kontra nago». Aldi berean bere bikotekidea, horren alde dagoela ere aitortu digu, gizartean gai honen inguruan dagoen iritzi aniztasuna agerian utziz.

Izan ere burasoen artean, gehiengoa ez bada ere, neurri berriekin ados daudenak anitz dira. Haurrekin mintzatzean, batzuk musukoaren garrantzia nabarmentzen dute, eta ez kentzeko helduek emandako mezua aipatzen dute argiki, eta horren erakusle ere bada, sei urtetik beherako ikasle gutti batzuk maskara soinean dutela ere ageri direla jostetan.