INFO

Ipar Euskal Herriko lau egoitzatan agerraldiak atzeman dituzte

Akitania Berria Eskualdeko Osasun Agentziak baieztatu duenez, Ipar Euskal Herriko lau egoitzatan covid-19ren agerraldiak identifikatu dituzte. Erakundeak zehazki zeintzuk diren egoitzak erratea errefusatu du, baina Kazeta.eus hedabideak lorturiko informazioen arabera, Kanboko Saint-Elisabeth egoitza horien artean dago.

Kanboko Saint-Elisabeth egoitzean dozena bat kasu atzeman dituzte egoliar eta langile artean. (maison-retraite.fr)

Louisette Ustarroz Kanboko Saint-Elisabeth egoitzaren zuzendariak Kazeta.eus atariak jaso duen informazioa baieztatu du.

Zehaztu duenez, «zentroan dauden 74 egoiliarren artean 12 kasu agertu dira. Horietariko bat zendu da eta beste pertsona bat ospitaleratua izan da iragan astean. Gaur egun erreanimazio zerbitzuan dago eta laster itzuli beharko litzateke».

Zuzendariaren hitzetan, langile bat izan zen positibo eman zuen lehena. Horren ondotik gainerako langilee zein egoiliarrei testak egin zizkieten iragan astean.

Egoiliarren artean atzeman dituzten kasuez gain, langileen artean ere aurkitu dituzte. Ustarrozen esanetan azken horiek «sintomarik gabekoak dira».

Protokoloak agintzen duen bezala, kutsatuak izan diren langileak lanpostua utzi eta zazpi egunez isolatuak egon behar dira etxean, zehazki heldu den ostegunera arte ezin dute lanera itzuli.

Familiei informazioa eman diete eta egoiliarrak beren logeletan isolatu dituzte.

Gero eta kasu gehiago adinekoen artean

Eskualdeko Osasun Agentziak dioenez, adindunei dagokienez, 326 pertsona kutsatuak dira 100.000 biztanleko.

Orokorrean, departamenduan intzidentzia tasak etengabe gora egin du azken asteotan. Atzo 100.000 biztanleko 508,2 covid-19 kasu jakinarazi zituzten.

Herve-Jonathan Baionako suprefeta oso arranguratua agertu da France Bleu Pays Basque irratian covid-19 kasuak biderkatzen ari direlako.

Asteburuan hildakoen kopurua emendatu da departamenduan: 34tik 41era pasa dela azaldu du suprefetak.

Gisa berean, erreanimazio zerbitzura sartu diren pertsonen kopuruak ere gora egin du. Orain arte 13 baziren, gaur egun 21 pertsona daude erreanimazio zerbitzuan, horietariko hamar Baionako erietxean.

«Zintzoa izan behar da: gure jarrerak aldatu behar ditugu eremu pribatuan, maska eraman behar da beharrezkoa denean, eremu pribatuan ere, adindunengandik urrun egon behar da eta etxean egon behar da. Ez da konfinamendu arin bat», azpimarratu du suprefetak. Bere erranetan, kutsatzeen %80 eremu pribatuan eragiten dira.

Izan ere, agerraldiei dagokionez, hiru eremu nagusitzen direla nabarmendu zuen, joan zen astean, Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak: egoitzak, kirol taldeak eta lantokiak.