INFO

Baskonia galtzaile Moskun, berandu esnatu delako eta Hilliarden hirukoen erruz (89-86)

Denbora osoan atzetik joan eta gero, 15 puntuko desabantailea berdindu ahal izan dute gasteiztarrek, baina Darrun Hilliard Baskoniako jokalari ohiak erabaki du markagailua 84na dela sarturiko bere zazpigarren hirukoarekin.

Darrun Hilliardek 31 puntu lortu ditu eta Saski Baskoniaren atzetik aurrerako lana zapuztu du. (EUROLEAGUE.NET)

MOSKUKO CSKA 89 - TD SYSTEMS BASKONIA 86

TD Systems Baskoniaren balantzea Euroliga honetan 2-4koa da Moskuko CSKAren kantxan galdu ostean. Moskun galtzea ez da harritzekoa, are eta gutxiago aurreneko laurdenean hain joko txarra egin duenean talde gasteiztarrak. Alabaina, Youssoupha Fall, Vildoza eta azken orduan esnatu den Pierria Henryren bidez 15 puntuko galera berdintzea lortu dute Dusko Ivanovicenek. Baina partida 84na berdindu ostean, Gasteizen bi denboraldi jokatu zituen Darrun Hilliard hegalekoak erabaki du, bere zazpigarren hirukoa sartu duenean –31 puntu sartu ditu orotara– eta hurrengo jokaldiak Vildoza ez baita erantzuteko kapaz izan.

Azken minutuetan erakutsitako jokoa eta grina ikusita, pena handia ematen du Baskoniaren porrotak, baina batez ere aurreneko 20 minutuetan abantaila larregi eman dizkio talde errusiarrari Baskoniak. Are gehiago, Moskuko CSKAk jaurtiketa libreetan horren egun txarra izan ez balu –24tik 13–, azken minutuetan ez zen halako emoziorik izango.

Aukerak pasatzen utzita

Azken orduan Mike James eta Janis Strelnieks antolatzaileak ez dira jokatzeko moduan egon. Ondorioz, Mokukoek Daniel Hackett italiarra bakarrik izan dute partida zuzentzeko. Alabaina, ez dio asko antzeman talde errusiarrak, airean eman baititu aurreneko minutuak. Are gehiago, airean eraman du Saski Baskonia Bera ere. Pierria Henry sartu du hasierako bostekoan Dusko Ivanovicek baina Virginiako antolatzaileak bere ohiko energiatik ia ezertxo ere ez du erakutsi. Aitzitik, Hacket eta Hilliarden artean nahi izan duten guztia egin dute etxekoek, Giedraitisen erantzun soilaz. Dusko Ivanovicek partida geratu duenerako, markagailua 15-5 igo da.

Aldaketek ganora apur bat eman diote Baskoniari, bederen. Youssoupha Fallek bere 221 zentimetroak uztaipean nagusi egin ditu eta horrez gain, ohio baino askoz gehiago asmatu du jaurtiketa libreen marratik. Hala, eta Alec Petersen errebote baten ondorengo saskiratze baten ondotik, gasteiztarrek markagailua apur bat estutzea erdietsi dute, aurreneko laurdenaren amaierara 23-16 iritsiz.

Bigarren laurdena zoratzeko modukoa jokatu du Baskoniak. Batetik, kanpoko jaurtiketak sartzen hasi dira gasteiztarrak, eta barrutik Youssoupha Fall nagusi izan da. Tamalez, Baskoniak inolako jarraikortasunik gabe jokatu du, eta jokaldi bikainen erdian sekulako hankasartzeak ere burutu ditu, eta halako oparien aurrean Hilliard eta Hackettek nahi izan duten guztia egin dute, Baskoniako jokalari ohiak batez ere.

Alperrik izan dira Sedekerskis lituaniar gazteak errebotean eta defentsan eginiko ahaleginak, edo Giedraitisek tarteka lortu dituen puntuak. Moskuko CSKAk joko maila askoz ere erregularragoa erakutsi du, hainbesteko gorabeherarik gabe. Hori gutxi ez eta, aurreneko erdia modurik petralenean amaitu da Ivanovicen taldearentzat: hasteko, Vildozaren erasoko falta trantsizio azkarra burutzen hasi denean, eta errusiarren azken erasoa amaitzeko, Tornike Shengelia indarrez sartu da uztaiperaino eta goitik behera birritze bikain askoa eginda amaitu du jokaldia. Baita, bde batez, aurreneko erdia ere: 47-35.

Nahi eta ezinean...

Askoz motelago ekin dio partidak atsedenalditik bueltan, eta azken baten mesede egin dio Baskoniari hainbeste bider eten behar horrek. Tamalez, nahiz eta Fallek egundoko partida egiten jarraitu duen, ez da gai izan Baskonia markagailuan hurbiltzeko. Izan ere, Darrun Hilliard hantxe azaldu da behin eta berriz Moskuko CSKAren aldea mantentzeko, Daniel Hackettekin batera.

Hala ere, errusiarrek jaurtiketa libre mordoa hutsegin dute eta horri esker Baskoniak irabazi du laurdena, batez ere Alec Petersen puntuak iritsi baitira, Polonararen jaurtiketa pare batekin batera. Horrez gain, baliorik gabe utzi dute epaileek Hilliardek kanpo erditik azken prduan sartu duen hirukoa, denboraz kanpo izan delako.

Aukera bat izan ote du, bada, Baskoniak, Moskun irabazteko? Artean, ez du itxura handirik izan. Etxeko taldeak ez dio partidari hanka egiten utzi. Hasteko, Hilliardek laurdena hasi eta berehala bere seigarren hirukoa sartu duelako. Ostean, Daniel Hackett eta Will Clyburnek ere puntuak gehiatu dituzte errusiarrentzat.

Pierria Henry iritsi da azkenean

Dena den, Baskoniak ez du amore eman. Vildozak meritu handiko saskiraketak lortu ditu, eta partida negargarria egin arren, azken orduan Pierria Henryk ere jokaldi onak kateatu ditu. Are gehiago Moskuko CSKAko Khomenko antolatzaile gazteak kirolez kontrako falta bat egin duenean. Baskonia 79-71 hurbildu da, baina hurrengo jokaldian Hilliardek Shengeliari jaurtiketa erraz bat oparitu dio eta Saski Baskoniako kapitain izanak hiruko mingarri askoa sartu dio talde gasteiztarrari: 82-71.

Nahi eta ezinean jarraitu dute arabarrek azken hiru minutuotan eta 0-5eko partziala lortu du Pierria Henryk. Horrez gain, Youssoupha Fallek markagailua are eta gehiago estutzeko aukera izan du. Bakarra sartu du Senegalgoak, baina hurrengo erasoan Pierria Henryk baloia ohostu eta 82-80koa jarri du beste hiruko batekin, minutu bat baino gehiago oraindik jokatzeke.

Hutsartea eskatu du Dmitris Itoudisek orduan, baina erasoak oker atera zaio Fallek txapela jarri duelako, eta segidan Pierria Henryk partida berdintzeko bi jaurtiketa libreak atera dizkio Clyburni: 82-82, 48 segundoren faltan.

Hurrengo erasoan Will Cluburnek 84-82koa saskiratu du, Giedraitisen gainetik sekulako kalitatea erakutsiz. Ivanovicek eskatu du orduan hutsartea, 41 segundoren faltan, baita Pierria Henryk berriro berdindu ere. Baina Darrun Hilliard, isil xamarrik laurden osoan zehar, berriz ere azaldu da eta 87-84koa sartu du Clyburnen asistentzia baliatuz.

Horra ba azken hutsartea 23 segundoren faltan, eta oraingo honetan Vildozak bota du hirukoa. Oso txarto, uztairik ere ukitu gabe hutsegin baitu.

FITXA:

Moskuko CSKA: Hackett (16), Hilliard (31), Kurbanov (2), Shengelia (12) eta Milutinov (6) –hasierako bostekoa–; Voigtmann, (2), Clyburn (12), Khomenko (7), Bolonboy eta Antonov.

Saski Baskonia: Pierria Henry (17), Dragic (3), Giedraitis (10), Polonara (8) eta Jekiri –hasierako bostekoa–; Vildoza (13), Peters (13), Kurucs (3), Fall (19) Sedekerskis eta Diop.

Partzialak: 23-16, 24-19, 19-23, 23-28.

Will Magarityk min hartu du

Bestalde, Acunsa Gipuzkoa Basketi dagokionez, Will Magarity hegal pibotakmin hartu du ostegun honeetako entrenaldian. Jokalari suediarrak ezkerreko sorbaldaren atzeko aldean zuntz etena izan du, eta baja izango da igandeko partidarako. Kantxetara itzultzeko behar duen denbora sendatze prozesuaren eboluzioaren araberakoa izango da.