INFO

Peio Alcantarilla aske utzi dute

Peio Alcantarilla preso ohia aske utzi dute gaur ostegunean. Atzo eguerdian atzeman zuen frantziar Poliziak Irun eta Hendaia arteko mugan ezarritako kontrol batean. Hendaiako komisaldegian gaua igaro ondoren askatu dute.

Peio Alcantarilla bere Urruñako etxe atarian. (Naiz)

Fijait fitxategia dela atzo asteazkenean atzeman zuten Peio Alcantarilla Irun eta Hendaia arteko mugan. Atxiloketa eguerdi aldera gertatu zen.

Hendaiako komisaldegian gaua eman ondoren ostegun goizean aske utzi dute Alcantarilla Baionako epaitegiak bere auzia aztertu ondoren.

Ehun bat euskal preso edo preso ohi bezala Peio Alcantarilla Fijait izeneko fitxategian sartu zuten. Hori dela eta hainbat bete behar ditu, hala nola mugaz bestaldera joateko orduan horren berri eman behar du aldez aurretik komisaldegian.

Orain arte ez du arazorik izan Bidasoaldearen bestaldera joan-jinak egiteko. Kasik egunero zeharkatzen du muga Urruñan bizi den irundarrak.

Alta, atzo lanetik bueltan atzeman zuten Santiago zubian. Hendaiako komisaldegira eraman zuten eta jai egun izanik -azaroaren 11, lehen mundu gerraren armistizioa ospatzen zen atzo- bertan atxiki dute gaur arte.

Fijait dela-eta ezarritako baldintzak errespetatu behar dituela «oharra egin» ondoren abenduaren 14ean hitzordua eman diote Alcantarillari Baionako auzitegian.

Anartean ezin izanen du Hego Euskal Herrira joan. Telefonoz bestaldean hori da Peio Alcantarillak gaur azaltzen zuen kexu bakarra. «Pozik naiz etxean nagoelako baina pena badut, ezin dudalako lanera joan», adierazi du.

Izan ere abokatuaren esku utzi du bere afera, agian aipaturiko data horren aitzin laneko gauzak bideratuko ahalko dituen esperantzaz.

Zortzi urte aske, baina era berean Fijait-en menpe

Badira pare bat hamarkada Urruñan bizi da Alcantarilla familia. Hamar urteko kartzelaldia egin ondoren 2012an aske atera zenetik bertan bizi da ere Peio.

Izan ere preso ohia Bidasoaren bestaldean egiten du lan eta kasik egunero joaten da Gipuzkoara. Zehazki Urruñako bere etxera lanetik bueltan zetorrela atzeman zuen frantses Poliziak. 

EH Bai eta EH Bilduk atzo nabarmendu zutenez jihadismoari aurre egiteko 2016an indarrean sartu zen Fijait fitxategian egoteagatik traba handiak pairatzen dituzte euskal preso ohiek.

Fijait zein bertze salbuspen berriak bertan behera uztea galdegin zuten.