INFO

Ostalariek sektorea babesteko neurri gehiago eskatu dizkiote Urkullu lehendakariari

Euskal Herriko Tabernariak elkarteko ostalariek beren aldarrikapenak entzuteko eta defendatzeko eskatu diote Urkulluri. Lakuako Gobernuak iragarritako diru laguntzak berandu heldu direla eta gutxiegi direla uste dute.

Ostalarien elkarretaratzea Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. (Twitter @PodemosEuskadi_ )

Euskal Herriko Tabernariak elkarteko ordezkariek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Gobernuaren kontrolerako Osoko Bilkura ari zen bitartean, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari laguntza gehiago eta eurekin hitz egiteko eskatzeko.

Carlos Sobron elkarteko bozeramaileetako batek azaldu duenez, ez daude pozik joan den larunbatean itxiera agindu zuten moduarekin, ezta Gobernuak iragarritako diru laguntzekin ere, izan ere, «zauri handi batentzako tirita txiki bat» dela adierazi du.

Hala ere, laguntzak lehenbailehen ostalariengana iristea eskatu du, eta, horretarako, izapide administratiboak arintzea eta beharrezkoak ez direnak ezabatzea eskatu du Sobronek.

«Itxierak gure bizirauteko gaitasuna gainditzen du. Lehendakariari eskatzen diogu defenda gaitzala, herri honetako enpresa-sektorearekin beti egin duen bezala. Murrizketak luzatzen badira, epe luzerako benetako erresistentzia-plan bat behar dugu. Hitz egin gurekin, Urkullu jauna, hemen gaude. Salba dezagun sektorea», eskatu dute Euskal Herriko tabernariek.

Kontrolerako osoko bilkuran egindako hitzaldietako batean, lehendakariak Alemaniako eredua ezartzea proposatu du, hau da, ostalariei iazko azaroan fakturatutako diruaren %75a ematea.

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako elkarretaratzeaz gain, ostalariek elkarretaratzeak egin dituzte 12.00etan hainbat hiritako udaletxeen aurrean.