INFO

Bilbao Basketek eta GBCk jaitsiera postuei agur esan nahi diete

Magarity gabe, donostiarrek Unicajaren kantxan jokatuko dute igande eguerdian. Iluntzean, berriz, Goran Huskicek debuta egingo du beltzezko gizonekin UCAM Murtziaren aurka Miribillan. Saski Baskoniak, azkenik, bajaz beteta datorren Obradoiro izango du aurkari Zurbaon.

Bilbao Basketek altxatu eta aurrerantz egiteko ordua du behingoz. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

ACB Ligako euskal taldeek igande betea biziko dute. Hasteko, TD Systems Baskoniak eta Acunsa Gipuzkoa Basketek 12.30etan partidak izango dituzte: Obradoiroren aurka etxean gasteiztarrek eta Unicajaren kantxan gipuzkoarrek. 20.00etatik aurrera, RETAbet Bilbao Basketek Sito Alonsoren UCAM Murtziaren bisita jasoko dute Bilbao Arenan.

Garaipen bana baina lortu ez dutela, egoera ezerosoan daude GBC eta Bilbao Basket. Uneotan bi euskal taldeok jaitsierako postuetan daude, eta arerio petralak dituzte gainera, donostiarrek batez ere. Izan ere Unicajaren kantxan irabaztea Gipuzkoa Basketek zer den badakien arren, ez da erraza izango Marcelo Nicolaren gizonentzat. Hasteko, aurkariak daukan talentua dela-eta. Jaime Fernandez, Dario Brizuela donostiarra, Axel Bouteille, Francis Alonso, Adam Waczynski... «kanpoko lerro gogorra dauka Unicajak, eta markagailua uneren baten haustea lortuko balu, eusteko gai izan behar dugu», adierazi du asteon Marcelo Nicola berak kazetarien aurrean.

Barrutik agian abantailarik izan lezake talde donostiarrak, hala ere. Batetik, Unicajaren jokalari garaien maila kanpokoena baino apalagoa delako, eta bestetik, Gipuzkoa Basketek Jaime Echenique pibot kolonbiarra berreskuratu duelako, Betis aurka jokatu ezinik geratu ostean. Hori bai, William Magarity hegal-pibota galdu du Marcelo Nicolak, sorbaldako arazo baten erruz.

«Williamek kantxa asko zabaltzen digu, baina konpondu egin beharko dugu hala ere, eta 40 minutuetan lehiakor izaten asmatu», aipatu du Nicolak.

Bilbao Basketek, bere aldetik, Jarolsav Zyskowskirik gabe jokatu beharko du UCAM Murtziaren aurka. Alabaina, Goran Huskic tartean izango du Alex MUmbruren taldeak, nahiz eta serbiarra, San Pablo Burgosek utzi berritan, ahul xamar omen dagoen covid-19aren jipoia pasatu ondoren.

UCAM Murtziak ere ba omen ditu arazo fisikoak, nonbait. Peter Jok ez ei da Miribillan izango lunbalgiak jota, eta Jordan Davisek, berriz, asteon San Pablo Burgosen aurka jokaturiko partidan orkatila okertu du.

Hala ere, hauek biak ez dira UCAM Murtziaren jokalari arriskutsuenak. Conner Frankampo eta DJ Strawberry dira kanpoko jokalari finenak murtziarren artean, eta Augusto Lima zein David DiLeo dira barruko jokalaririk arriskutsuenak Sito Alonsoren taldean.

Murtziarrek 89-84 galdu dute asteon Burgosen, baina 20-40 aurretik ibili ondoren. Ondorioz, ez dira harritzekoak Alex Mumbruren hitzak. «Baskoniari eta Barçari irabazi die eta Ligako playoffak zein Kopa jokatzeko maila duen arerioa da UCAM Murtzia».

Obradoiroren arazoak

Itxura baten, Saski Baskoniak du partidarik errazena. Moskuko CSKA estu hartu duenak ez al dio ba Obradoirori irabaziko? Are gehiago Laurynas Birutis pibota, lehiaketa hasiera honetako sorpresetako bat jokatzeke geratuko denean, lesio baten erruz. Horrez gain, Steven Enoch ere zalantza izango da eta, beraz, galiziarren barruko jokoa ia hutsik egonen da gasteiztarren alde.

Baskoniak, bestalde, erregulartasuna bilatu beharko du behin edo behin. «Badugu sasoia maila altuan 40 minutuak jokatzeko», bota zuen Ivanovicek Moskuko partidaren ostean. Baskoniak sekula ez du amore ematen eta defentsa indartzen duenean 10 baloi berreskuratzen ditu, baina tarteka sekulako kontzentrazio hutsuneak ere nozitzen ditu.