INFO

Saharako su-etena urratu duen Marokoko erasoa salatu dute ozen Iruñean, Gazteluko Plazan

Nafarroan bizi diren saharar herritarrak eta Sahara herriaren eskubideen alde dauden herritar asko bildu dira gaur Iruñean, Mendebaldeko Saharan marokoar militarrek zibilen aurka egindako erasoa salatzeko. Su-etenaren akordioaren urraketa larri honen aurkako antzeko ekimenak burutu dira Euskal Herriko beste hainbat txokoetan.

Sahararen aldeko elkarretaratzea, Iruñeko Gazteluko Plazan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ehunka pertsona bildu dira gaur Gazteluko Plazan, horietako askok Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko banderak zeramatzatela. ‘Sahara libre’ leloa, nonahi. Ekimen zaratatsu eta erreibindikagarrian, Marokoko Armadaren jarduerak eragin duen «tentsio handia» salatu nahi izan dute. 

Jarduera honen eraginez, «Sahara herria berriz armak hartzera bultzatu dute».

Hala aldarrikatu du Mohamed Gailanik, Nafarroako Saharako ordezkariordeak. «Bakezale, bakearen eta askatasunaren maitale» gisa definitu du bere herria Mohamed Gailanik; Marokok, ordea, «Guergarateko su-etena bortxatu du Nazio Batuen aurrean; Nazio Batu hauek, gainera, Minursoren bidez, Mendebaldeko Sahararen okupazioaren konplize bihurtu dira. Eta Sahara herria erantzutera behartu dute».

«Herri honek bere herrialdetik kanpo ihesean dabil azken 45 urte hauetan», esan du Saharako ordezkariak. Are gehiago, 29 urte darama lurralde honen estatusari buruzko erreferendumaren zain. «Eta bere promesak betetzen ez dituen Nazio Batu horiek besterik ez ditu ezagutu, baita Maroko inbaditzaile eta okupatzaile bat ere».

Gerra-danborrak ixildu daitezen

«Orain gerra gailendu da eta bere legezko eskubideak defendatzera behartua dago gure herria», aipatu du Gailanik. Nafarroak Sahara herriarekin betidanik erakutsi duen elkartasuna eskertu ondoren, dei egin die mobiliza daitezen «erakundeei, alderdi politikoei, gizarte-erakundeei, GKE ezberdinei eta, oro har, gizarteari». Espainiako Gobernuari eta NBEri «azkar eta modu irmoan esku har dezaten» eskatu die ozenki.

Era berean, eta ekimenean parte hartu dutenen txalo artean, desio sendo bat palzaratu du; «Sahara herriak lapurtu dizkioten eskubideak berreskura ditzala, denbora gehiegi iraun duen eta min latza eragiten ari den gatazkarekin amaitzeko modu bakarra baita».

Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteko (ANAS) eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Nafarroako Adiskideen Elkarteko (ANARASD)  bozeramaileek, Carol Garcíak eta Txaro Pardok, hartu dute hitza ondoren. Hurrenez hurren, Marokoren jarrerak eragin duen egoera salatu nahi izan dute, «tentsioaren handitze arriskutsu honek gatazka armatu baten aukerak biderkatzen dituelako».

Eta azken eskaera bat egin dute; «aurki, Saharan entzuten diren gerra-danborrak bake-danbor bihur daitezen».