INFO

Izaera heterogeneoa dute Kutxa Kultur Enea programak babestuko dituen ekimenek

Kutxa Fundazioaren programa honek Gipuzkoan «izaera berritzailea» duten eta lurraldeko kultura-sektoreari «balio erantsi bat» ematen dioten proiektuak babesten ditu. Edizio berrian hamar izan dira hautatuak, eta askotariko eremuak arakatzea dute xede; besteak beste, ikus-entzunezkoena, ilustrazioarena, turismoa, arkitektura zein arte eszenikoena.

Kutxa Kultur Enea 2016an martxan jarri zenetik, 90 egitasmo babestu ditu. (NAIZ)

Kultura eta sormen-industriei laguntzeko Kutxa Kultur Enea programak edizio berrian parte hartuko duten hamar kide berriak aukeratu eta iragarri ditu Kutxa Fundazioak. 2016an sortutako programa honen parte dira profesionalak, ekintzaileak eta enpresak, eta Gipuzkoako lurraldean sustraiturik egon behar dute. «Izaera berritzailea» duten ekimen edo proiektuak garatzen laguntzen da eta lurraldeko kultura-sektoreari «balio erantsi bat» ematea baloratzen da, ohar bidez Fundazioak azaldu duenez.

Ekosistema berri horretan sartuko diren proiektuen hautaketa epaimahai zehatz batek egin du, bertan zirela: Marisa Arriola, Bic Gipuzkoako zuzendari nagusia; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; eta Ana Arrillaga, Kutxa Fundazioko finantza-zuzendaria. Onartzeko epea amaituta, 19 kultura-proiektu aurkeztu dira deialdira eta, aurreko bi edizioetan bezalaxe, jasotako proposamenetan asko dira ordezkaturiko sektoreak; horrela, komunikazio eta ikus-entzunezko, ilustrazio, turismo, arkitektura, arte eszeniko, artisautza, teknologia eta jasangarritasunaren munduko proiektuak topatu dituzte.

Egitasmoen atzean dauden ekintzaileek askotariko profilak dituzte, batzuek ibilbide luzea dute aipaturiko sektoreetan eta enpresa-proiektu berri batean sartu dira orain; beste batzuk lizentziatu berriak dira eta kultura- eta sormen-industrien munduan ekiteko gogoz daude; eta autonomoak ere badaude, bizitza osoa besteen kontura lanean eman ondoren, urratsa egin eta bakarrik ibiltzea erabaki dutenak.

Guztira, hamar proiektu sostengatzea deliberatu du epaimahaiak: Uxue Montero eta Jotta Zubiriaren ‘Emovere’, Sara Galanen ‘Alquimia’, Andrea Sagarzazuren ‘As Artist’, Claudia Pennese eta Iñigo Hernandezen ‘Gero ARTE’, Olaia Susperregik modaren sektorean mundu jasangarriago baten alde egiteko proposatu duen ekimena, Nerea Aguado eta Ylenia Benitoren ‘Ruta Balenciaga’ egitasmoa, Assumpta Ayerdi eta Maider Segredoren ‘Sorginlore’, Soraya Sánchez eta Marianke Grootjansen ‘The languages of energy’ eta Araceli de Arriba eta Andrea Alday-ren ‘Aalma studio’.

2016an programa abiatu zenetik ia 90 proiektu igaro dira Kutxa Kultur Eneatik. Besteak beste, lan fisikorako gunea uzten zaie eta prestakuntzarako tresnak ahalbidetzen zaizkie, negozio zein bideragarritasun-planen ingurukoa, egile-eskubideei buruzkoa, eta lau masterclass ere eskaintzen dira urtean zehar komunikazio zein salmenta gaien inguruan, besteak beste.

Bakoitzaren proiekturako laguntza pertsonalizatua eta komunitate eta networking-jarduerak kultura nahiz enpresa-eragileekin ere errazten zaizkie «aukera eta ideia berriak sortzeko».