INFO

Bernardo Atxagak irratirako landutako kilker hotsak liburu batean bildu ditu Pamielak

Maite Artolak zuzentzen zuen Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saiorako 2016ko udazkena eta aurtengo uda bitartean idazle asteasuarrak landutako 115 kolaborazio biltzen ditu Pamiela Argitaletxeak kaleratuko duen ‘Kilker bat autopistan’ liburuak.

Bernardo Atxaga, ‘Kilker bat autopistan’ liburuaren aurkezpenean, Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Autopista baten erdian, kotxeen zarata etengabearen aurrean «kri-kri» egiten duen kilkerrak bezalaxe, egunerokotasunaren eta aktualitatearen zurrunbilo amaigabean hausnarketa patxadatsuak egin izan ditu Atxagak astelehenero Euskadi Irratiko mikrofonoetan. Entzuleengana helarazi nahi izandakoak irakurleen esku jarri dituzte orain, Pamiela Argitaletxearen eskutik, ‘Kilker bat autopistan’ izenburuko liburuan.  

‘Faktoria’ saioa zuzentzen zuen Maite Artolak berak hitzaurrean dioenez –Joseba Sarrionandiak idatzitako beste bat ere badago–, «zaratak estaltzen zuen hotsaren bila» jo zuten Atxagarengana. Autopistako zurrunbiloaren atzetik zegoen kilker hotsaren bila, alegia. 

Astelehen goizetako 115 kilker hots dira, hain zuzen, gaur Nafarroako Liburutegian, Iruñean, aurkeztu duten liburuan bildutakoak. Bertan izan dira, nola ez, Atxaga bera, eta Aingeru Epaltzak egin ditu aurkezle lanak. 

Asteasuarrak eremu honetan egin duena ez da izan zutabegile baten lana. Ez behintzat horren zurrun ulertuta. Egunero medioetan ikus ditzakegun gertakariak ez baititu abiapuntu izan, helmuga baizik. Errealitatearekin eginiko talka batetik sortu dira mikrofono aurrean esandakoak, batzuetan saiakeraren ikutuarekin, noizbait poetikoago, tarteka umorez, baina beti ikuspegi kritiko sendoarekin. Kritika, gainera, bere zentzurik sakonenean ulertuta, ez entzun ohi ditugun hitz potolo, birao edo irain gisa, burutik pasa gabe ere botatzen diren horietakoak. 

Kazetaritzatik baino, gehiago dute testuok saiakeratik. Irratiz esateko pentsatuak izaki, ahozkoaren kutsu hori daukate, baina hiru hilabete luzez berridatzi, osatu eta egokitu egin dituzte Atxagaren ekarpenak, Asun Garikanok bere gain hartu duen edizio lanean. 

342 orrialdeko liburu hau osatzen duten 115 gogoeta horiek hiru ataletan daude sailkatuta: Minutuak kontatuta (hala ibili behar izaten zuelako irratirako testuak prestatzen), Zeruko kronikak (zendutako idazleen inguruko gogoeta eta haiekin izango lituzkeen elkarrizketa fikzionatuak) eta Lagunarteko kontuak (lagunekin konpartitutakoak ardatz dituena). Azken hau da laburrena, pandemiaren eraginez lagunekin biltzeari utzi behar izan ziolako. Baina oztopo honek berak erakusten du arnas luzeko gogoetak izanda ere, bizi dugun garaiarekin lotura sakon eta sendoa dutela liburu honetan bildutakoek.