Elezkano eta Jaka, ilusioz gainezka eta larunbateko finalerdirako prest
Buruz Buruko Txapelketaren finala lehen aldiz jokatzea, horra hor Zaratamokoak eta Lizartzakoak parean duten aukera datorren larunbatean irabaziz gero. Pilotekin pozik agertu dira material aukeraketan, eta neurketa heltzeko gogo biziz.
Danel Elezkano eta Erik Jaka Bilbon bildu dira gaur, larunbatean jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketako finalerdirako materiala aukeratzeko. Biak pozik agertu dira aurkitutako pilotekin, eta horren erakusgarri Jakak eginiko adierazpenak: «Berak pilota horiek aukeratu izan ez balitu, nik hartuko nituzkeen».
Bi aurrelariak ilusioz gainezka daude larunbateko demarako. Agian, Erik Jaka da final-laurdenetan Urrutikoetxearen aurka lortutako garaipenarekin zeresan gehien eman duena. «Binakakoan kanpoan geratu izanak sortutako haserrea erabili nuen motibazio modura, eta ongi irten zitzaidan. Datorren larunbatean ere berdin gertatzea espero dut», onartu du lizartzarrak.
Danel Elezkano, aldiz, ohituago dago finalerdietan egotera, baina oso argi du larunbatekoa ez dela edonolako partida izango. «Oso garrantzitsua da ongi hastea. Dena karta bakarrera jokatzen duzu, eta horrelakoetan ezinezkoa da urduritasuna ez nabaritzea», esan du Zaratamoko pilotariak.