INFO

Bartzelona indartsua bisitatuz amaituko du Realak azaroko egutegi trinkoa

Liga astebetez eten aurreko azken jardunaldia Johan Cruyffeko partidarekin hasiko da (12.00, BarcaTV). Igandean, Athleticek Granadilla liderra hartuko du Lezaman (11.00) eta Eibarrek Sporting aurkari zuzena bisitatuko du.

Eizagirre eta Losada, Realak eta Barcelonak iaz Zubietan jokatutako partidan. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Eurokopako sailkapen fasearen ondorioz Liga astebetez eten aurreko jardunaldia jokatuko da asteburuan. Bederatzigarrena, hain zuzen ere, eta azpaldiko partez neurketa guztiak lehiatu ahal izango dira.

Barcelonak eta Realak Johan Cruyffen (12.00, BarcaTV) jokatuko dutenak emango dio hasiera. Denboraldiko partida zailenetakoa zuri-urdinentzat, dudarik gabe, lehiaketako aurkaririk indartsuena, Euopako onenen parekoa, izango baitute aurrean. Baina ez dute inolako beldurrik, bere entrenatzailearen esanetan, orain arte egindako ibilbideari esker.

«Badakigu oso aurkari zaila dela baina gu ere talde on bat izateak ematen digun konfiantzarekin goaz –adierazi du Natalia Arroyok–. Gauza asko ondo egitea da gure asmoa». Izan ere, hor dago gakoa bere ustetan. «Garrantzia emaitzek dute baina gure begirada intentzioetara doa, jokora eta, ildo horretan, erregularrak izaten ari garela uste dut. Madriden eta Granadillaren aurkako partidek emaitzen dinamika apurtu ziguten baina ez jokoaren hainbat alderdiena. Orain ere, Barcelonatik itzuli nahi dugu partida on bat egin dugula jainez. Gure ibilbideak Barcelonari aurre egiteko oso egoera onean gaudela esaten digu».

Jokalari guztiak prest dauzka baina 18ko deialdia egin duenez, Maddi Torre, Latorre, Manu eta Elene utzi ditu kanpoan Arroyok.

Marta Perearen lesioa

Beste bi partida jokatuko dira bihar: Betis-Real Madrid (12.00, LaLigaSports) eta Sevilla-Valencia (14.00, Gol). Gainontzeko seirak, berriz, igandean. Eta horien artean Athleticek eta Eibarrek jokatuko dituztenak.

Zuri-gorriek Granadilla liderra hartuko dute Lezaman (11.00). Bihar eskainiko du ohizko prentsaurrekoa Ángel Villacampak baina dagoeneko badaki lesionatuen zerrenda amaigabea handitu zaiola. Espanyolen aurka denboraldian lehen aldiz hamaikakoan sartu zen Marta Pereak lesioa dauka eskuin hankako kuadrizepsean eta ezin izango ditu hurrengo partidetan parte hartu.

Azken bi norgehiagokak taldean egondako koronabirus kasoengatik atzeratu behar izan ondoren, Eibarrek, bere aldetik, Sporting de Huelva aurkari zuzena bisitatuko du igandean (12.00).

Bederatzigarren jardunaldia

Larunbata

Barcelona - Real Sociedad (12.00, BarcaTV)
Betis - Real Madrid (12.00, LaLigaSports)
Sevilla - Valencia (14.00, Gol)

Igandea

Athletic - UD Granadilla (11.00)
Sporting de Huelva - Eibar (12.00)
Rayo Vallecano - Madrid (12.00)
EDF - Espanyol (12.00)
Santa Teresa - Levante (12.00)
Deportivo - Atlético de Madrid (16.15, Gol)