Sintomarik gabe atzematen diren kasuak gero eta gehiago dira EAEn
Nafarroan, azken asteetako hobekuntza nabarmenaren barruan, egun hauetan nolabaiteko egonkortasuna igartzen ari da pandemiaren bilakaeran, eta intzidentzia metatuak jaisten jarraitzen duen arren –ostegunean 157 kasu berri atzeman ziren–, positibotasunak %5era heldu gabe jarraitzen du, eta azken txostenekoa %6,6koa da, aurreko egunekoaren oso antzekoa. Datu honek, herrialde horretan piztutako baikortasuna apal dezake, argi uzten baitu oraindik asko falta dela egoera egoki batera heltzeko.
EAEn, ordea, egoera kaskarragoa izanagatik, atzoko datuak onak izan ziren esparru guztietan: 935 kutsatu berri detektatu ziren, aurreko egunean baino 134 gutxiago; oinarrizko birsorkuntza tasa (R), 0,83an dago, pandemia hedatzen ari den 1 zenbakitik gero eta urrunago; eta intzidentzia metatua 753,60ra jaitsi da, duela astebete baino ia ehun kasu gutxiago 100.000 biztanleko.
Baina badago beste datu bat Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den bilakaera ona dela adierazten duena. Izan ere, positibo eman dutenen kasuak aztertzean, gero eta gehiago dira proba egin dutenak lehenago positibo eman zuen beste pertsona baten kontaktuak direlako, eta gero eta gutxiago dira proba sintomak zituztelako egin dutenak.
Azken hauek, %34,7 dira, Osakidetzaren azken txostenaren arabera, guztien herena baino pixka bat gehiago, eta kontaktua izateagatik proba egin dutenak erdiak baino gehiago dira dagoeneko: %50,2, hain zuzen. Gainerako %15,1ek beste arrazoi bategatik egin dute.
Osakidetza, urriaren bukaeran hasi zen datu hau ematen, eta orduan berdinduta zeuden kontaktua izateagatik eta sintomak pairatzeagatik testa egiten zutenak, %42ren bueltan. Egun hauetan sumatu den kasu batzuen igoera eta besteen jaitsiera positiboa da, osasun-sistema covid-agatik kutsatutako jendearen kontaktuen jarraipena modu egokian egiten ari dela adierazten baitu, eta, ildo berean, sintomarik gabeko kasuak detektatzeko gaitasuna gero eta handiagoa dela.
Udaberrian egindako proba guztien ehuneko oso handi bat sintomak zituzten pertsonei egiten zitzaien; izan ere, asintomatikoak atzemateko gaitasuna txikia zen, eta, ondorioz, kasu guztien zati txiki bat detektatzen zen; zazpitik bat, Osakidetzaren arabera. Bigarren olatuan, arazo hori ez da hain handia izan, baina intzidentziak gora egin ahala, ihes egiten zuten kasuen kopurua handitu egin zen. Datu hauek, ordea, gauzak bere onera itzultzen ari direla esaten dute.