‘Turista klasea’ nobela berria aurkeztu du Kattalin Minerrek
Parisera joan etorria jasotzen du Kattalin Minerren nobela berriak. Ez da edozein bidaia, ordea, preso duen lagun bati egingo dion azken bisita baizik, eta tarte horretan ohartuko da protagonista beste zapalkuntzez. Digresioetatik ere bidaia bada ‘Turista klasea’ (Susa).
Pertsonaia nagusiak 1.600 kilometro egiten ditu 20 ordutan. Trena hartu du, Parisera doa, Fresneseko kartzelara preso duen laguna bisitatzera. Agian azken bisita izango da, epaiketa iristear delako. Bidaia bat, joan etorria baino askoz gehiago jaso du bere bigarren nobelan Kattalin Minerrek, ‘Turista klasea’ norberaren digresioei, kontraesanei eta barne borrokei ispilu bat ere badelako.
Ostiral honetan aurkeztu duen lana konfinamenduaren alaba da, etxean erabat itxita eta isolatuta ginenekoa. Harrituta gelditu zen egilea bera idazketa jarioarekin. «Ez nintzen inondik inora liburu bat idatziko zuela uste zuenetakoa, baina bat-batean artefaktu bat nuen eskuartean», onartu du. Orduan deitu zuen Susa argitaletxera. Hain natural idatzi zuen, sortu zitzaiola zalantza bat: «Zergatik atera zait hain erraz? Konturatu nintzen bertan dauden eszena, pasarte eta bizipen asko nire baitan artxibatuta zeudela, barruan nituela, eta horri guztiari egitura eman nion momentuan, alegia, bidaia egitura hori, oso erraz enkajatu zuela denak. Liburu bat ez da idazten soilik ordenagailu aurrean jartzen garenean, eta hor nik neuk oso argi ikusi nuen», zehaztu du idazketa prozesuaz.
Bidaia bat da, bai, baina ez «edozein bidaia», esan du. Euskal Herrian jende askorentzat ezagunak diren bidaiak, «dispertsio politikagatik egin beharrekoa dena, ez plazeragatik egiten dena». Minerrek berak ondo ezagutzen du Fresneserako bidea.
Nobelak aurrera egin ahala gero eta gehiago ezagutuko dugu pertsonaia, preso duen lagunarekin duen harremana, zer pentsatzen duen, zer ez duen pentsatu nahi, bere kontraesanak… berak ez du ‘talego’ esaten, ez du politikaz hitzegiten lagunarekin, ez daki sumarioa nola dagoen, politikoki hurbil edo nahiko hurbil dauden arren. Beste leku batetik eraiki dute haien harremana, eta hain zuzen zer pentsatua ematen dio horrek. Bidaia horretan gauza asko pentsatuko ditu, tartean egindako aurreneko bisita gogoratuko du, eta horrekin batera Parisen bizi diren lagun txiletarrak.
Haien etxean egingo du lo Parisera ailegatzen denean, ‘ahizpa’ deitzen diote elkarri, ardoa eta beste ilegalitate batzuk partekatuko dituzte, baina ez die onartuko muga gurutzatu eta trena hartzen duenean sentitzen duen beldurra Charlie Ebdoren kontrako atentatutik.
Zapalkuntzei begirada
Azken bisita izan daitekeela-eta, epaia iristear delako… «Momentu hori klabea da: askotan zapalkuntza bat bizi dugunean lehen pertsonan zaila egiten zaigu inguruko zapalkuntzak ikustea, haiei lekua ematea eta are zailagoa inguruko zapalkuntzetatik mundua ikusten saiatzea. Askotan oso ikuspuntu paternalistekin begiratzen diegu ingurukoei, eta are zailagoa egiten zaigu bertatik begiratu eta hortik ze mundu ikusten den imajinatzea», adierazi du Minerrek nobelan gakoa den elementuaz.
Azken bidaia horretan egiten dituen digresioetan konturatuko da urteetan zapalkuntza bati baino ez diola erreparatu, baina inguruan gurutzatu zaizkiola beste kontraesan, beste borroka eta errepresio batzuk. «Eta orain da unea bide hori amaitzen dela besteei begira jartzeko».
Bere lagun txiletarrekin ere izango du tira-bira galdetzera ausartzen zaienean zer dela-eta bizi diren hain hiri arrazistan, klasistan. «Nor eta nola bizi erabaki dezakeen batek baino ez luke hori galdetuko», erantzuten dio Agustina lagunak. «Kattalin bezala jarri nahi nion begirada irekitze bat, poliedro moduko bat edo proposatu nahi nuen, ariketa deseroso bat, kontraesanetan murgiltze bat, izendatzea zaila dena izendatzen jarri nahi nuen protagonista. Liburuak ez dizu azalduko nor den zapalduetan zapalduena, ez, ez dago nagusikeria moralik izateko asmorik ez saiakerarik. Irakurlearentzat entretenigarria ez ezik, norberak bizi dituen borroken, ardatzen, kontraesanen, zeharlerroen begiratzea da. Eta bakoitzak ikus dezala zein gauzek mugitu dituen», amaitu du.