INFO

Imanol: «Emery munduko entrenatzaile onenetarikoa da»

Realeko entrenatzaileak igandean Anoetara Villarrealekin etorriko den Unai Emeryren lana goraipatu du goi mailan, 800 partida daramatzala gogoratuz. David Silvak jokatzeko prest dagoela esaten badio zelairatuko duela adierazi du ere.

Portu, Gudmundssonekin Realak ostegunean Alkmaaren jokatutako partidan. (Olaf KRAAK/AFP)

Imanol Alguacilek Villarrealen kontrako partidaren atarian eman duen prentsaurrekoan onartu du biharko arerioak freskotasun gehiagorekin jokatuko duela ostegunean hamaikakoan bederatzi aldaketa egin ondoren. Oriotarrak erronkatzat jo du bien artean Anoetako bolada apurtzea, azkeneko bost partidetatik lau irabazi baititu Unai Emeryren taldeak Donostian.

«Erronka sekulakoa da, polita. Aurreko denboraldian etxean galdu egin genuen, baina merezi gabe, eta Vila-Realen irabazi genuen. Beraiek gu baino hobeto daude partida hauetan eta izugarrizko taldea daukate. Denek gure jokoa goraipatzen dute, baina Villarreal lau puntura dago ‘kristoren’ futbola egiten. Partida gogorra izango da, ea irabazten dugun», esan du Imanolek.

«Sekulako zezena izango dugu aurrean eta sekulako entrenatzailearekin, Unai Emery munduko entrenatzaile onenetariko bat da eta orain Imanol Idiakezen laguntzarekin hobea. 800 partida daramatza puntako taldeetan eta nire partetik zoriondu besterik ez. Eta Villarreal ere klub bezala gauza handiak egiteko bidean dago, baina Real Madrid ere pasa da hemendik eta ez zen gai izan irabazteko», gaineratu du entrenatzaile oriotarrak.

Imanolek aldaketak egingo dituela iragarri du: «Partidak latzak izaten ari dira, minutuak pasa ondoren nekea beti agertzen da. Gure taldeak bihotza ematen du eta erritmo handiko partidak proposatzen ditu, baina aitzakiarik ez, hamaikako onena jarri eta asmoa berdina izango da, arerioa baino hobea izan eta aukerak egin».

David Silva

David Silvak erabakiko duela jokatuko duen edo ez adierazi du Imanolek: «Juxtu dabil, baina esperientzi handiko jokalaria da eta ederki asko ezagutzen du bere gorputza. Eta bildurrik gabe, berak esaten badu ondo dagoela ez dago arriskurik».

Bera titularra izan gabe Realak hiru partidetan gol bakarra sartu du eta ez du garaipenik lortu. Datu horien aurrean, «taldearen maila beti oso ona izan da, bera egon edo ez. Bera ezberdina da baina jokalari guztiak bezala. Ez da berdina Oyarzabal edo Barrenetxea, Portu edo Merquelanz. Silva falta bada Roberto, Janu edo Oyarzabalekin taldea ezberdina da, baina oso gustora nago, bera ez denean egon zelaian taldeak betiko moduan jokatu duelako nahiz eta ez irabazi» adierazi du Imanolek.

Azken entrenamenduaren ostean erabakiko du David Silva prest dagoen edo ez. Aritz Elustondok ostegunean arazoekin bukatu zuela ere onartu du oriotarrak eta horrek Zubeldiari hasieratik jokatzeko aukera emango dio. Bestalde, Andoni Gorosabel bueltatzeko hurbil dago: «Taldearekin ez du entrenatu oraindik, baina bere aldetik lan asko egin du, izugarrizko hobekuntzarekin eta agian gaur gurekin entrenatuko da».