INFO
Entrevista
Harkaitz Cano
Idazlea

«Itxieraren gertaera lazgarriaz haratagoko zerbait zabalagoa egin behar genuela otu zitzaidan»

Kazetaritzari eta bidegabeki itxi dituzten hedabideei egindako gorazarrea da ‘Sisiforen paperak’. Fernando Bernuesen zuzendaritzapean eta Harkaitz Canoren gidoiarekin, Bilboko Arriagan ikus daiteke asteburu honetan eta hurrengoan. Donostiara eta Madrilera egingo du ondoren jauzi.

Harkaitz Cano. (NAIZ)

Tanttaka konpainiako Fernando Bernuesek proposamena luzatu zizunean zer izan zen burura etorri zitzaizun lehen ideia?
Kontu konplikatu samarra izango zela, errespetu dezente eman zidan. 90. hamarkadan euskaraz idazten eta argitaratzen hasi ginen gehienok ’Euskaldunon Egunkaria’-rekin dugun zor sentimental eta profesionalaz ez hitz egitearren. Birika amazoniar ttipi baina ezinbesteko bat zabaldu zitzaigun bere bitartez. Nire bizitzako lehen testua bertan argitaratu nuen, artean libururik ez neukanean, 18 urterekin edo. Bertigo apur bat ematen du datorren urtean 18 urte bete eta kazetaritza fakultateko lehen urtean matrikulatuko direnak ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuten urtean jaio zirela jabetzeak.

Egunkaria auzian libreki inspiratutako antzezlana, kazetaritzari eta bidegabeki itxi dituzten komunikabideei egindako omenaldia egin nahi izan duzue.
Kazetariei buruzko filmak eta telesailak oso gustuko izan ditut beti, debilidadea daukat zuen gremioarekiko, eta hori oso pizgarria zitzaidan. Ez zen gurean itxiarazitako egunkari bakarra izan, gainera, hor ditugu ‘Egin’ eta Egin Irratia… Egitasmoa burutzekotan, itxieraren gertaera lazgarriaz haratagoko zerbait zabalagoa egin behar genuela otu zitzaidan. Lorea Agirrek ezin hobeto egin zuen itxieraren eta ondorioen kronika Gezurra ari du’ liburuan. Bertatik elikatu naiz eta Joxe Azurmendiren hitzaurreak eman zidan Sisiforen pista. Baina kontatu nahi nuen, halaber, zein den erredakzio bateko giroa, zenbat idealismo eta zenbat borondate kiskali dagoen kazetarien artean… Egunkari bat eraikitzea zer den erakutsi nahi nuen, beste batzuek hura eraitsi nahi duten bitartean.

Bi planotan garatzen da antzezlana, erredakzio batean eta komisaldegian. Bi hari. Hari bakoitzak dauka bere bizia, eta era berean elkar osatzen dute.
Antzezlana leun-leun hasten da, jostari eta umore apur batez: laneko giroa kazetari bakoitzaren une bitala eta nortasuna ezagutzeko aitzakia baino ez da. Baina denbora errealean konpartitzen dute poliziekin oholtza, eta batzuetan, antzerkiaren errealitatearen suspentsioari esker, bi munduetako pertsonaiak gurutzatu egiten dira, bi tramen eta bi ekosistemen arteko oihartzunak sortuz. Tentsioa hor dago, ikusleak bi trametako pertsonaiak dituelako parean bistan ia denbora guztian. Hari bakoitzak, gainera, bere hizkuntza du: kazetariena euskara da eta trama poliziala gaztelaniaz garatzen da. Hizkuntza argumentuaren parte da.

Ikertzea eta galdetzea kazetariaren zeregina da, baina, zer gertatuko litzateke egoera aldatu eta galdekatutakoa kazetaria bera balitz? Galdera honek biltzen ditu bi planoak.
Kazetariaren lanetako bat galdera egokiak garaiz egitea izaki, ‘erantzutera derrigortutako galdetzailearen’ parabola fikzioa martxan jartzeko trikimailu aproposa izan zitekeela otu zitzaidan. Erredakzioan haien ofizioari buruz eta elkarrizketa on bat egiteari buruz hitz egiten duten bitartean, espazio eszeniko berean, atxilotutako kazetariek poliziaren eta epailearen galderei erantzun beharko diete. Beste galdeketa mota bat.

Tortura pasartearen errealismoa nabarmendu du Martxelo Otamendik. Argi zenuten hori?
Antzerkia zuzenean gertatzen da, hemen eta orain. Nobelak ez duen alderdi fisiko horrek egon behar zuen bai ala bai. Poliziaren galdeketak eta torturak definizioz ezkutuan gauzatzen dira, haien ondorioak baino ezin dira erakutsi (eta askotan, hori ere ez). Funtsezkoa zen, beraz, errealitatean ezkutatzen dena bistaratu ahal izatea eta eszena horiek nahiko gordinak dira, egia esan. Aktoreek lan itzela egin dute.  

Bizi ditugun garaiotan hain produkzio handia estreinatzea (12 aktore agertoki gainean) albiste pozgarria da. Lau antzokik sustatutakoa, gainera.
Egitasmo anbiziotsuak izatea ez da nahikoa gero haiei sostengua emango dieten azpiegiturarik ezean. Ez soilik ekoizteko orduan, programatzerako orduan ere bai. Zergatik ez dute programatuko bailara bateko udal ezberdinek antzezlan bat edo kontzertu bat elkarrekin? Informazioa, egutegiak eta bitartekoak modu eskuzabalean partekatu beharko lirateke eta lehia zentzugabeak saihestu.

Proiektu honetan egindako bidean zer izan da politena? Eta zailena?
Politena testua idatzi ondoren aktoreek nola eurenganatu duten ikustea izan da. Borroka hori ikustea, hitza paperetik altxatu eta aktoreen baitan gorputz eta ahots bihurtzen denekoa, zoragarria da. Zailena, errealitate kolektibo eta koral bat sinplifikatu beharra. 12 aktorek asko ematen dute, baina fikzioaren bitartez errealitatea sintetizatu eta deformatu ezean, ezinezkoa litzateke auzi hau eta beste hainbeste taula gainera eramatea.