Mikel Zabalzari zor zaion egia aldarrikatu dute heriotzaren 35. urteurrenean
Mikel Zabalza orbaizetarraren desagerpenaz eta heriotzaz 35 urte bete berri direnean, ekitaldi hunkigarria antolatu du larunbata honetan Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak. Bizikidetzarako ezinbestekotzat jo dute egia jakitea.
Hunkigarria izan da larunbata eguerdian Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak Aurizko kultur etxean antolatu duen ekitaldia. Dantza garaikidea eta musikaren bidez lehendabizi, antzerki batekin irudikatu dute orain 35 urte gertatutakoak jendartean eta komunikabideetan utzi zuen arrastoa. Gehiengo batek bertsio ofiziala zalantzan jarri zuen; beste batzuek egitzat jo zuten.
Denboraren zama, urteen joan etorriek izan duten pisua ere izan dute hizpide. Nola eragin du gure memorian denbora horrek? Familiarentzat gertatutakoak marka jarri zuen iragana eta orainaren artean, ezabaezina. «35. urteurrena da, urte borobila, urte intentsoa. Gure errelatoa ‘Non dago Mikel’ dokumentalean daramagu, bertan agertzen baita duela 35 urte gertatutakoa. Bertan agertzen baitira ere gogora ekarri nahi ditugun Ion Arretxe eta Idoia Aierbe. Eskerrak eman nahiko genieke ere, urte guzti hauetan Mikel Zabalza kasua gogoan eta aldarrietan eraman duten horiei, zuek izan zarete Mikel Zabalzaren babesle, zuek izan baitzarete lehen aipatu dugun kare-harriz eraikitako horma hori pitzatzen lagunduko gaituztenak. Mila esker bihotzez», adierazi dute antolatzaileek.
Zer gertatu zen 1985eko udazken hartan? Hori da galdera, hori da iturri ofizialek erantzun beharrekoa. « Egin jakin nahi dugu, eta behar dugu egia ezagutu. Mikeli eta bere memoriari zor diogu. Baita ere Arretxe, Aierbe eta Zabalza Garate familiei. Jar gaitezen bizikidetzaren alde lanean, baina zoru beretik, maila beretik; Mikelen kasurako, ordea, beste zerbait behat dela uste dugu: egia dena argitara azaleraztea», eskatu dute.
Tortura kasuak argitu
Egia ofiziala eta herriak duen egia. Bigarrena lehenengoek baieztatzea. Hori da auzi honetan gakoa. «Denok argi dugu, Mikel ez zuen Bidasoako urak hil. Mikel Intxaurrondoko kuarteleko bainera bateko urak hil zuen. Gaur gaurkoz Mikel bera ez da inon biktimatzat hartzen. Gaur gaurkoz, bere senideek ez dute ez egiarik, ez justiziarik ezta erreparaziorik ere eduki. Errelatoaren parte da Mikeli gertatutakoa eta hala aldarrikatzen dugu».
Antzerkia eta musikaren diziplinetatik ez ezik, literaturatik ere egin dira ekarpenak. Mikel Sotok argitaratu berri duen ‘Suak pizten direnean’ (Elkar) poesia liburutik pasarte batzuk jaso eta irakurri ditu. Berak bere azalean bizitako torturak, beldurrak, bizipenak errekuperatu ditu, inkomunikazio egun haietan eta espetxealdian jasandakoa olerkien bidez azaleratuz. «Urteak igaro ahala, behin eta berriz berretsi dugu Mikel Zabalzarekin gertatutakoa berriz ere errepikatu dela, berriz ere tortura erabili dela –salatu dute ekitaldian–. Mikelentzat bezala, torturatu guztientzat gauza bera eskatzen dugu: egia, justizia eta erreparazioa. Hori lortzeko, beharrezkoa dugu jakitea torturaren aferak zein tamaina duen eta hori 1978. urtetik aurrera ikertzea eskatzen du. Bide batez, tortura jasan duten horiei doakiela gure elkartasuna eta besarkadarik estuena».
Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak larunbata honetan abiatu duen omenaldiak bihar, igandea, izango du segida. 11:00etatik aurrera, herri lore eskaintza egingo dute Orbaizetako Olan, Mikel Zabalzaren oroitarriraino autoz gerturatuz. Covid-19aren aurkako neurrietara egokituta, jende pilaketak ekidin nahi dituzte; beraz, banan-banan oroitarrian lore bat ezartzea izanen da familiari elkartasuna adierazteko aurtengo keinua. Herri ekimenak berak loreak banatuko ditu bertaratzen direnei.