Erik Jaka: «Ez etsi, segi gogor, borrokak beti merezi du-eta»
Garrasi batean ospatu du Erik Jakak Buruz Buruko txapela. Memento txar asko atzean lagata, ezker hankako iztar gaina ere minduta, baina Lizartzakoa kapaz izan da Jokin Altuna bezalako txapeldun handi bat menperatzeko. Lanari eta etsi gabeko borrokari esker.
Garrasika, tentsioa nolabait askatu beharrean, ospatu du Erik Jakak frontoi osoko buruz buruko txapelketaren finaleko garaipena. «Garrasi hauek ez dira final honetako sufrimenduagatik bakarrik. Azken urteak oso gogorrak izan dira niretzat, memento txar ugarirekin niretzat eta nire inguru guztiarentzat. Baina orain pilotan lortzerik dagoen gauzarik handienetakoa lortu dut eta hemen falta diren ikusle guztiei, nire amari, nire osaba Joxeri eta egunero egunero gaixotasun guztien aurka borroka egiten duten guztientzat doa nire garaipena. Ez etsi, segi gogor, borrokak pena beti merezi du-eta», adierazi du, txapela jantzi aurreko bere lehenengo berba horietan.
Partidari estuago lotuta, Lizartzakoaren iritziz «kristoren erritmoan jokatu dugu. Banekien irabazi nahi baldin banuen hala jokatu behar nuela; aukerarik txikiena aprobetxatzen jakin beharra nuela... Nik uste Jokin oso tentso sartu dela partidan, ni ere agian ez naiz behar bazala hasi; joko ona egiten bai baina ez zait iruditzen estrategikoki zuzenegi jokatu dudanik tanto askotan; atzeraka gehiegi atera naizela iruditzen baitzait aurrerantz egin beharrean. Baina astean zehar esan dudan bezala, Jokin Altuna bezalako goi mailako txapeldun bati irabazterik ez dago gauzak gaizki eginda, eta irabazi baldin badut gauzak ongi egin ditudalako irabazi dudala uste dut», gaineratu du.
Sufritzen ere jakin behar
Altuna atzetik aurrera etorri den saoian, gainera, ezker hankako izter aldea minberatu egin omen zaio Erik Jakari. «Zer den baneki! Hamazortzigarren tanto aldera edo harria bezala jarri zait eta azkenerako ia ezin nuen indarrik egin ezkerreko hankarekin, baina sufritzen jakin dut eta zorionez, irabazi dudalako, pozik».
«Lanak bere fruituak ematen ditu. Nik uste lanari esker ateratako txapela dela hau eta benetan gustura nago», esan du. «Kantxan agindu egin dudala uste dut, nire erritmoa jartzen asmatu dudala azkenean eta bukaeran sakeak errestatzen izan dudan ezin hori kenduta, gehiago izan naizelakoan nago», aztertu du Lizartzakoak.
Hala ere, partidari amaiera jartzea asko kosta zaiola onartu du ere buruz buruko txapeldun berriak. «Buruz buru irabazteko gauzak perfekto egin behar direla diote denek eta tarte horretan nik ez ditut hala egin eta gainera berak sakeaz asmatu egin duela uste dut ere. Asko gerturatu zait, baina azkenean partida ixtea lortu dut. Edozein markagailuk balio zidan 22ra iritsiz gero, eta honek ere ederki asko balio dit», amaitu du Erik Jakak.