INFO

Erik Jakak ez dio bere uneari ihes egiten utzi eta Buruz Buruko txapela jantzi du (22-20)

Lizartzarra hasi eta buka bere lekua aurkitu ezin ibili den Jokin Altuna baina askoz hobea izan da eta amaierarako behar baino gehiago sufritu du ondo merezitako txapela eskuratzeko.

Erik Jaka pozarren, txapela buruan duela garaikurra altxatzen. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Hamaika kolpe eta oztopo gainditu ostean, Erik Jakak argi zuen gaurkoak behar zuela bere aukera eta ezin ziola hutsik egiten utzi. Urduritasunak, giro arraroak, txalo faltak eta denak alde batera utzi eta txapelaren bila irten da Lizartzakoa lehen unetik eta ondo merezitako eta landutako txapela jantzi du, Bizkaia pilotaleku hutsean. Jokin Altunaren bigarren Buruz Buruko txapelak, ordea, itxaron egin beharko du, gaurkoan bere mailatik urrun egon delako.

Azken markagailua estua izan den arren, jokoan alde askoz handiagoa egon da jokoan, txapeldunak berea bikain aritu den bitartean, Jokin Altuna inoiz ez baita bere jokoa egiteko gai izan. Pilotakada luzatu ezin, tantoa azkarregi bilatuz eta partidan behar bezala sartu ezinda, faborito agertzen zen amezketarra beti joan da, markagailuan eta jokoan, bere arerioa baino pauso bat atzerago.

Zortea ere alde, txapak lehen sakea berari eman dio, zuzenean joan da Erik Jaka garaipenaren bila, horren berea duen joko zuzen eta oldarkorrari jarraika. Atzera batere begiratu gabe, beldurrik gabe erasoari ekin dio, pilota bizi mugitu du eta Altunak ez dio joko horri kontra egiten jakin.

Airez huts bat egin ostean, Jokin Altunak sakea eskuratu eta markagailuan gerturatzeko modua izan badu ere, inspirazioa ez zaio etorri eta lanerako ere ez du bestetako borondatea erakutsi, jokaldia azkarregi eta fede gutxiz biltauz.

Eta bitartean Erikek berera jarraitu du, ahal zuen guztietan errematea bilatuz eta batez ere boleaz, pilotari beste abiadura bat emanaz. Erik Jakak egindako hutsak izan dira, hein handi batean Altuna markagailuan mantendu dutenak (16-10).

Hala ere, txapelak erabateko Lizartzarako bidea hartu du, sakez egindako bere seigarren tantoaren ostean, Jaka 21-14 aurreratu denean. Hala ere, fede handirik gabe Altunak botatako bi paretako bat partida iraultzetik geru izan da. Izan ere, hurrengo lau tantoak sakez lortu ditu amezketarrak eta atzean egindako beste tanto batekin tanto bakarrera gerturatu zaio, finalari ordura arte izan ez duen kolorea emanaz. Baina amaiera horretan ere Erik Jakak zuzenean begiratu dio txapelari eta bolea on batekin bere lehen txapela eskuratu du.

FITXA TEKNIKOA:

Erik Jaka: 22

Altuna III.a: 20

Iraupena: 59,40 minutu. Markagailua: 0-5, 5-2, 6-2, 6-4, 9-4, 9-7, 16-7, 16-10, 17-10, 17-14, 21-14, 21-20, 22-20. Sakeak: 6 Erik Jakak eta 7 Altuna III.ak. Tantoak: 11 Erik Jakak eta 8 Altuna III.ak. Hutsak: 5 Erik Jakak eta 4 Altuna III.ak. Gorabeherak: Publikorik gabe jokatu da finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bi pilotariak enpresa berekoak izaki, Aspe, botilerorik ez da izan.