INFO

‘Gure izarrak’, Bulego taldearen azken abestia, helduenei omenaldia da

Bulego talde azkoitiarrak bere azken kanta plazaratu du, ‘Gure izarrak’. Helduenei, gure aiton-amonei, omenaldia izan nahi du. Musikariek diotenez, «guztia zor diegu gure aurreko belaunaldiei».


Garai zail hauetan pertsona helduenek daukaten paperari erreparatuz Bulego talde azkoitiarrak aiton amonei omenaldi bat eskeini nahi izan diote ‘Gure izarrak’ aurreratu duen kantu berriaren bitartez. «Guztia zor diegu gure aurreko belaunaldiei, hauek erakutsi diguten guztiagatik ez balitz, ez ginateke gu hemen egongo. Esan genezake beraiek direla gure izarrak eta kantu honekin dagoeneko gure alboan ez dauden haiei gugatik egindako guztia eskertu nahi diegu. Azken finean, gure alboan ez edukita ere, betirako gurekin daudelako», adierazi dute musikarie.

Orain hilabete gutxi ‘Kantu bat’ singlearen aurre estrenaldiaren ondoren heldu da beren lan berriaren bigarren aurrerapena. Musikalki balada elektroniko bat bezala hasten den kantuan shynteak eta elektronika gailentzen dira lehenengo minutuetan. «Kantuan aurrera joan ahala instrumentazioa eta kantua bera indarra hartzen doaz erritmoa bizituz eta sendotuz azkenean ahotsa hutsean utzi eta kantua era intimo eta goxoan amaitzeko», azaldu dute ‘Gure izarrak’ abestiaren nortasunaren inguruan.

Dagoeneko Bulegoren bereizgarria den pop elektronikoa da ‘Gure Izarrak’ lan honetan entzuleak harrapatuko dituena. Bideoklipari dagokionez, sinpletasuna gailentzen da kantuaren irudietan. Tomi abeslaria kantuaren hitzetan aipatzen den Zumaiako Itzurun hondartza ederrean ageri da eskuetan antzinakoa dirudien urrezko bitxi bat duelarik aurreko belaunaldiei erreferentzia eginez.