Hizkuntza gutxituen aldeko ekimena aurkeztu dute hamar alderdik Kongresuan
Hamar alderdik hizkuntza gutxituen aldeko legez besteko proposamen bat erroldatu dute Kongresuan. Kontseiluak azaldu duenez, «Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia» manifestua oinarri hartu dute.
BNG, Compromis, CUP, EAJ, EH Bildu, ERC, JxCat, Más País, PDeCAT eta Unidas-Podemos alderdiek hizkuntza gutxituen aldeko legez besteko proposamen bat aurkeztu dute ostegun honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean, Kongresuan, hainbat eragilek aurkeztutako 'Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia' manifestua oinarri hartuta.
Kontseiluak ohar batean azaldu duenez, euskararen, aragoieraren, asturieraren, galizieraren eta katalanaren alde lan egiten duten eragileek, tartean Kontseiluak, bilera egin zuten otsailean Diputatuen Kongresuan hainbat alderditako ordezkariekin. Hizkuntza gutxituen egoera partekatzea izan zen bileraren xedea.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalización Lingüística, Acció Cultural del País Valencía, Ciemen, Escola Valenciana, Omnium eta Plataforma per la Llengua eragileak izan ziren egitasmoaren bultzatzaileak.
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez, «alderdiei azaldu genien gure ustez Espainiako Estatuak ez duela hizkuntza aniztasunera egokitu nahi izan». Haren iritziz, bileraren muinak teoriatik izan zuen gehiago praxitik baino: «Aintzatespen praktikoa baino, teoriko batera mugatu ginen, betiere gaztelaniaren nagusitasunetik abiatuta maila guztietan».
«Gainera, aipatu genien azken boladan areagotu egin zela sektore politiko batzuen etengabeko erregresio mehatxua, eta horrek ahalbidetzen duela berezko hizkuntza erabili nahi duten herritarrekiko legezko derrigortzea, bereizkeria eta arreta falta», gaineratu du.
Irakurketa bateratu horren aurrean, «ikusle hutsak izatetik esku hartzera jauzi egiteko deia» egin zieten eragileek alderdiei: «Gure hizkuntzetan bizitzeko eskubidea eragotziko eta mugatuko duten neurriak martxan jartzeko egiten ari diren mehatxuen aurrean, esan genien alderdi politikoak ezin direla ikusle hutsak izan». »Bustitzeko unea dela gogorarazi genien», esan du.
Manifestuak jasotzen dituen konpromisoak
Horretarako, sei konpromiso zehatz dituen proposamena egin zitzaien alderdiei, hain zuzen, 'Hizkuntza-aniztasuna: askatasuna, berdintasuna eta demokrazia' manifestuan biltzen direnak. «Konpromisoak bihartik bertatik gauzatu daitezkeela aurreratu genien, baldin eta askatasuna, berdintasuna eta demokrazia oinarri izango dituen gizarte bat eraikitzeko benetako borondate politikoa baldin badago, hau da, hizkuntza aniztasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzekoa», azpimarratu du Bilbaok.
Bada, alderdi politikoek ostegun honetan aurkeztu duten legez besteko proposamenak eragileek aurkeztutako manifestua izan du oinarri. Ildo horretan, Kontseiluko eledunak uste du «berri ona» dela: «Txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua»".
Hala ere, bidea oraindik ez dela amaitu gogorarazi du, eta ekimena sustatu zuten eragileek hurrengo asteetan agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, datozen hilabeteetan legez besteko proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko.