INFO

«Herri gogoa» nabarmendu dute pandemiak baldintzatutako Euskaraldiaren balantzean

Euskaraldiaren bigarren edizioa ostiral honetan amaitu da. Antolatzaileek pandemiak eragindako zailtasunak nabarmendu dituzte, baita herritarrek ekimenari emandako laguntza ere.

Euskaraldiaren balorazioarekin amaitu dute aurtengo edizioa. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskaraldiaren bigarren edizioa ostiral honetan amaitu da, EHUko Ingeniaritza Eskolan, Bilbon, egindako prentsaurrekoarekin. Ekitaldian, pandemiak markatutako edizio honetako parte-hartzearen zifrak ere jakinarazi dira. Antolatzaileek «gaur egungo baldintzetan Euskaraldia antolatzeko zailtasuna» nabarmendu dute, baina haien ustez «herri gogoa nabarmen geratu da ariketa egiteko».

2020ko edizioan 179.780 pertsonak eman dute izena, 2018an baino 45.000 gutxiago. Arrate Illarok, Euskaraldiaren koordinatzaileak, erorketa hori pandemiaren eraginari egotzi dio. «Harreman sozialak oso mugatuta ditugu, ekimena ikusgarriak egitea kostatzen da eta orokorrean gizartea oso momentu delikatuan dago. Bestela, ikusi dugu 2018an izena eman zuten kide askok uste zutela ez zutela izena emateko beharrik», azaldu du Illarok.

Arrate Illaroz gain, ekitaldian Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarrizek, Euskal Konfederazioko ordezkari Amets Lahetjuzanek, Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea euskararen nafar institutuko zuzendari Mikel Arregik eta Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak ere hartu dute hitza. Osasun-murrizketak direla eta, Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariek ezin izan dute parte hartu agerraldian. Hala ere, ohar bat bidali dute Ipar Euskal Herrian Euskaraldiak izan duen jarraipenarekin.

Era berean, Amonarrizek nabarmendu du, urte zail honetan, milaka pertsonak erakutsi dutela euskararekiko konpromisoa, eta, beraren ustez, «Euskaraldiaren inguruan antolatu diren ekimen ugari egotea herri bizi bat garenaren seinalea da».

Bestalde, «oraindik ere belarriprest izan daitekeen jende asko dago arrazoi ezberdinengatik Euskaraldian modu aktiboan parte hartzeko erabakia hartu ez duenak» esan du Lahetjuzanek, eta hurrengo ediziorako pertsona horiek aktibatzea izango dela erronka nabarmendu du.

Arregik azaldu duenez, nahiz eta erraza ez izan batzordeak antolatzea eta kalean lan egitea, «lehen edizioan baino herri gehiagotan antolatu da Euskaraldia, tokian tokiko euskalgintza, erakunde eta euskaltzaleei esker».

Zupiria sailburuak gogoratu du «biharko eguna ere garrantzitsua» dela eta Euskaraldiak aldarazi dituen dinamikak eta inertziak etorkizunean mantentzeko eskatu du: «Berriz ikusi dugu uste duguna baino jende gehiagok ulertzen duela euskaraz; uste baino gehiagok bizi gaitezkeela euskaraz».