Euskal literaturaren egoera eta garrantzia eztabaidagai Durangoko Azokan
Karmele Jaio, Iñigo Astiz, Idoia Santamaria eta Uxue Alberdi Euskadi Literatura Sarietan saritutako idazleek euskal literaturari buruzko mahai-inguruan parte hartu dute, igande honetan, Durangoko azokan.
«Euskal Literatura Sorkuntza: eta orain zer?» mahai-ingurua izan da igande honetan Durangoko Azokaren 55. edizioan, Landako espazioan eta streaming bidez emititu da. Karmele Jaio idazleak, Iñigo Astiz euskal poeta eta kazetariak, Idoia Santamaria itzultzaileak eta Uxue Alberdi idazleak hartu dute parte eta Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak zuzendu du solasaldia.
Idazle guztiek jaso dute aurten Euskadi Literatura sariren bat. Sarituak izan diren lanak eta zertaz ari diren azaltzen hasi dira parte-hartzaileak. Sariei dagokienez, Karmele Jaiok uste du liburuei «bigarren bizitza izatea» ahalbidetzen dietela: «Gaur egun, liburu bat argitaratzen denean nobedadea da, baina hilabete gutxitan uzten dio nobebade izateari: beste liburu batzuk datoz eta liburu dendetako lehenengo lerroetatik desagertzen da. Sariak datoz, aldiz, argitaratzen denetik sei edo zortzi hilabetera eta bat-batean liburuak berriz hartzen du bizitza».
Sariez gain, hitzaldian euskarazko literaturaren egungo egoera, euskal idazleen kalitatea eta euskarazko literaturaren kritikarik eza aztertu dituzte.
Euskal literaturaren bilakaerari dagokionez, Idoia Santamariak azaldu du euskalgintzaren sistemak «ez duela zerikusirik» duela hamarkada batzuetakoarekin. «Gaur egun literaturaren jarduera maginaltzat jo baldin badezakegu, 80. hamarkadan askoz txarragoa zen», adierazi du Santamariak.
Iñigo Astizek, berriz, uste du euskal literaturaren gizarte-funtzio nagusia «euskara irakastearekin» lotuta dagoela oraindik ere, eta euskal literatura baloratzea eskatu du: «Nahiz eta bost hamarkadako 'euskal literatura literatura da' borroka egon, behin eta berriz gaude kasilla honetan erortzen. Noski balio duela euskara ikasteko, baina gure berezitasun hori oraindik borrakatzeko unea da».
Alde horretatik, Uxue Alberdik literaturaren beste gizarte-funtzio bat aldarrikatu du: haurrak irakurketan hasi eta formakuntza bideratzea. Azkenik, Alberdik uste du egokia izango litzatekeela «kritika-sistema» bat euskal literaturarako, eta kultura-kazetaritzak kritikaren esparruan duen garrantzia azpimarratu du.