INFO

Gerra gogoarekin jarraitzen du Oinatz Bengoetxeak eta Irribarria bere zepoan lotu du

Peio Etxeberria oso fresko batek ez du batere arazorik izan bere egunik onena izan ez duen Axier Arteaga kanporatzeko (8-22).

Oinatz Bengoetxeak bere zepoan lotu du Irribarria. (Maialen ANDRES/FOKU)

Oinatz Bengoetxeak (22-16) eta Peio Etxeberriak (8-22) aurrera atera dituzte Iker Irribarria eta Axier Arteagaren aurka gaur Eibarren zituzten konpromisoak eta Mikel Urrutikoetxea eta Erik Jakaren aurka jokatuko dute kaiolako final laurdenetako kanporaketan hurrengo asteburuan.

Inork baino hobe daki indarrean datozen gazte hauei eusten gero eta lan handiagoak dituela, kosta egingo zaiola txapelen lehian jarraitzea, baina Oinatz Bengoetxea txapelketetatik bota egin beharko dute, ez da bere borondatez joango. Gerra gogoarekin jarraitzen du eta hasieran sufritu badu ere, Iker Irribarria bere tranpan harrapatu eta gero, Mikel Urrutikoetxea estutzeko prest da final laurdenetan.
Borrokalari sena berezkoa du leitzarrak eta partida hasi aurretik ere argi utzi du, Asier Garcia lehengusuarekin aritzerik ez eta botileroaren laguntzari uko eginda. Kantxan ere izaera horren beharra izan du gauzak oso estu jarri dizkion Iker Irribarriaren aurka.

Partida galduta, are gutxiago 5-11 irabazten joan dela jakinda, Aramarrak ezin du pozik egon emaitzarekin, baina aspaldiko partez lehiakor sentitu da kaiolan, Lau eta Erdikoan ere joka dezakeela erakutsi dio bere buruari, nahiz eta halako arerioei irabazteko, ez den nahikoa ondo hastea, partida osoa burutu behar da.

Pilotari abiadura handia emanaz, sakeei oso ondo erantzunez eta mugimenduetan ere nahiko arin, azken urteetan baino askoz itxura hobea eman du aramarrak, baina ez da partidaren aginte makilari eusteko gai izan, Bengoetxeak ez diolako utzi.
Ez du ezer berririk asmatu, baina nafarrak bere muinera jo du, bere betiko joko oldarkor eta aurkarientzat deserosoa atera du kantxara, Irribarria erabat lekuz kanpo utziz. Frontisetik gertu, alderik alde mugitu du goierritarra Baikokoak eta joko horretan maisu izaten jarraitzen du Oinatzek.

Etxeberria, erraz

Oso bestelakoa izan da Peio Etxeberriaren garaipena (8-22). Hasi eta buka, Zenotzeko aurrelaria jaun eta jabe izan da Astelenako kantxan eta ez dio batere aukerarik eman azken orduan lehen mailan aritzeko aukera izan duen Axier Arteagari. Ultzamako aurrelaria oso fresko iritsi da kaiolako txapelketa honetara, pilota oso bizi mugitu du eskuinaz eta sakean bi falta egin baditu ere, min handia egin dio arerioari lehen pilotakadarekin.

Axier Arteagak, bere aldetik, ezin izan du lehen mailan aritzeko eman dioten aukera aprobetxatu. Ezustean, azken orduan, aritu behar izan du, Promozio mailako Buruz Buruko txapela jantzi berritan, Lau eta Erdiko nagusi honetan eta apenas jarri dio zailtasunik Aspeko aurrelariari.

Sakearekin kamuts eta arerioak pilotari ematen zion abiadurari erantzunik topatu ezinda, kantxan kokatu ezinda ibili da Lasarte Oriakoa eta aitaren batean joan da partida, hiru tanto jarraian lortzeko ez da eta gai izan. Erik Jaka izango du hurrengo arerioa eta Buruz Buruko txapeldunak kamiseta gorria era ezin hobean estreinatu badu ere, Peio Etxeberriak lanak emateko moduan izan daitekeela erakutsi dio lizartzarrari.

FITXA TEKNIKOAK:

Bengoetxea VI: 22

Irribarria: 15

Pilotakadak: 209. Iraupena: 47,48 minutu. Markagailua: 0-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-9, 5-9, 5-10, 5-11, 10-11, 10-12, 15-12, 15-13, 16-13, 16-15, 20-15, 20-16, 22-16 Sakeak: 4 Bengoetxea VI.ak eta 1 Irribarriak. Tantoak: 9 Bengoetxea VI.ak eta 9 Irribarriak. Hutsak: 4 Bengoetxea VI.ak eta 9 Irribarriak. Gorabeherak: Eibarko Astelenan jokatu da Lau eta Erdikoaren bigarren jaialdia, publikorik gabe. Asier Garcia lehengusuarekin aritzerik izan ez duenez, Oinatz Bengoetxeak uko egin dio botileroa eramateari, Jokin Etxaniz aritu da Irribarriarekin.

 

Arteaga II.a: 8

Paio Etxeberria: 22

Pilotakadak: 127. Iraupena: 37,07 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-8, 2-8, 2-10, 3-10, 3-12, 5-12, 5-17, 7-17, 7-19, 8-19, 8-22. Sakeak: Falta 1 Arteagak eta 7 (2 falta) Peio Etxeberriak. Tantoak: 3 Arteagak eta 9 Peio Etxeberriak Hutsak: 5 Arteagak eta 3 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Eibarko Astelenan jokatu da Lau eta Erdikoaren bigarren jaialdia, publikorik gabe. Pablo Berasaluze izan da Artegaren botileroa eta Joseba Ezkurdia Peio Etxeberriarena.