INFO

Pandemiak hartutako garaian ere euskara agendan kokatzea lortu du Euskaraldiak

Ariguneen nobedadearekin etorri zen Euskaraldiaren bigarren edizioa, ahobizi eta belarriprest txapekin oraingoan ere, «Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» leloarekin. Pandemiak, ordea, kontrakoa agintzen du, harremanak ahalik eta gehien murriztea, gutxiago, gutxiagorekin eta gutxiagotan egotea.

Baigorriko Laia txokolategian arigunea osatu zuten 2020ko Euskaraldirako. (Guillaume FAUVEAU)

Euskaraldiak ikusgarritasuna galdu du aurten, kaleak hutsago egon baitira, eta jendea ibili denean, trantsizio espazio gisa jokatu dute sarri, etxetik lanerako zubi gehienetan eta alderantziz, tabernak itxita, espazio publikoak bi metroko distantziek zartatuta, eta 2018ko esperimentu hartan baino esperimentatzeko abagune gutxiago. Ipar Euskal Herria, gainera, konfinamentuan harrapatu du ariketak.

Antolakuntzak goitik behera aldatu behar izan zuen ariketaren planteamendua koronabirusaren eraginez. «Astez aste oztopo berriak izan ditugu, horietara moldatu behar izan dugu. Herri batzordeak dira herri eta eskualdeetan ariketa aitzinera eramaten dutenak, eta Nafarroan behintzat, meritua, hein handi batean, beraiena da. Gure bizitza pertsonalean egoerak izan duen eraginagatik, momentu askotan zaila izan da denontzako», azaldu du Iñaki Sagardoi Nafarroako Euskaraldiko koordinatzaileak.

Hala ere, egin da, egin behar zela uste dutelako bultzatzaileek eta 2020an izena eman duten 180.000 lagunek. Nahiz eta orain bi urteko edizioarekin alderatuta parte hartzaileen kopurua ia 45.000 lagunean jaitsi den, zazpi lurraldeetako ehunka herritara iritsi da hizkuntza gutxitu baten alde Europan egiten den ariketarik handiena.

«Ariketa bera egitea oso positiboa da. Edizio honek herri gogoa islatu du, batzordeen inplikazioa izugarria izan da; horren adibide da Araban, adibidez, 52 herri-batzorde osatu direla. Horiek eman dute aukera Arabako herri guztietan Euskaraldia aurrera eraman ahal izateko», adierazi du Goiatz Urkijo Arabako Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Antolakuntzaren balorazioa positiboa da, beraz, nahiz eta oraingo honetan «oso zaila» izan den jendearengana iristea: «Kale giroa galdu dugu eta gizartearen animoak, orokorrean, eragina izan du».

Bestalde, entitateetako ariguneen nobedadea ekarri du aurtengo Euskaraldiak, eta hauen erantzunarekin pozik agertu dira koordinatzaileak. «Oso momentu zailetan daude horietako asko, eta halere 6.800 entitateetan 25.000 arigune osatu dira Euskal Herri osoan eta Araban 1.500 inguru», zehaztu du Arabakoak.

Berdin iritzi du Nafarroako koordinatzaileak ere: «Sorpresa hartu dugu, Nafarroan ia 700 entitatek hartu dute parte, mota askotakoak, eta izan dugun urtea kontuan hartuta, ez genuen espero».

Egoera soziolinguistikoari kasu

Batzordeak sortu diren herrietan badira Azpeitia eta Aramaio, Bardoze eta Barakaldo, arnasgune, udalerri euskaldun, nahiz gaztelerara edo frantsesera emanak. 2018ko Euskaraldiaren ostean egindako ikerketaren arabera, Araba da Euskal Herriko lurraldeetatik euskararen erabilera baxuena zuena ariketaren aurretik, %45,4. Alta, ariketaren egin bitartean, euskararen erabilera gehien haztea lortu zuen lurraldea izan zen, 30,7 puntu gora.

Baina lurraldeen artean bakarrik ez, lurralde bakoitzean ere egoera soziolinguistiko oso anitzak topa daitezke. Araban, Gasteizen bizi da populazio gehiena, gainontzekoak, gehienak, herri txikietan bizi dira: «Euskaraldiak auto-identifikaziorako tresnak ematen dizkigu. Txapa soil batekin edo arigune bezala identifikatutako entitate batean, babesa sentitzen dugu. Herri txikietan jendeak elkar ezagutzen du, eta jakiten da nork ulertu eta hitz egiten duen euskara. Baina Laudion edo Amurrion hori zailagoa izaten da, eta txaparekin babes hori sentitzen da, konplizitate bat sortzen da».

Nafarroan ere, iparretik hegora ezberdin bizi da Euskaraldia, Erriberan edo Bortzirietan ez du berdin eragiten. Hala ere, Sagardoik esan du, desberdin bada ere, nafar geografia guztian eragin duela ariketak: «Iruñerrian edo Lizarrerrian adibidez, eragiteko aukera handiagoa dago, ezagutza handiagoa delako baina erabilera ez hainbeste».

Zenbakiak eta agendak

Aurtengo Euskaraldiak 2018koak baino 45.000 partaide gutxiago izan dituen arren, ariketan parte hartu dutenen %29k lehen aldiz eman du izena. Beraz, lehengo partaide batzuk galdu eta beste batzuk irabazi dira bigarren edizioan.

Diagnostiko zehatz bat egiteko goiz dela ohartarazi duen arren, zenbait lagunek ariketa ez errepikatzearen hiru arrazoi posible agertu ditu Goiatz Urkijok, koronabirusaren eraginaz aparte: «2018an parte hartu zuten askok uste zuten lehenengo edizio horretan izena emanda, aurtengorako ere izena emanda zeudela. Berdina gertatzen da ariguneen kasuetan. Batzuk uste izan dute ariguneak izena ematerakoan beraiek ere izena ematen zutela, baina izena eman gabe ere, parte hartu dute modu aktiboan. Hirugarren arrazoia izan daiteke jende askok aurreko edizioko txapak zituztela etxean, eta ez dute beharra sentitu berriro izena emateko, txapa jarrita berdin-berdin egin zezakeelako ariketa».

Parte-hartzea gora-behera, aurtengo ariketak aukera eman du euskarari buruzko gogoeta mahai gainean jartzeko Urkijo eta Sagardoien ustez, pandemia garaian egonda ere. «Horrelakoetan lehentasunak zeintzuk diren finkatzen da, eta bagenuen beldur bat, badakigulako ohitura dela euskara lehentasunezkoa ez izatea. Gure ustez, Euskaraldia garrantzitsua izan da euskararen gaia agendara ekartzeko, horren inguruan antolatzeko eta hausnartzeko. Ez dadila hurrengo hilabeteetan ere agendatik erori», aldarrikatu du Nafarroako koordinatzaileak.