«Bagenekien gure jokoa zein zen, beraiek ahalik eta gehien mugitzea, eta uste dut lortu dugula»
Pozez zoratzen amaitu dute finala Ezkurdia eta Martija txapeldun berriek. Pozik garaipenarekin eta baita finalean etxetik prestatuta eramandako plana nahi bezala irten zaielako.
Ez da erraza izaten final handietan etxean prestatutako plan eta asmoak egoki plazaratzen. Baina Ezkurdiak eta Martijak ederki gauzatu dute buruan zuten neurketa Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
«Etxetik lanak ongi eginda etorri gara. Gero beti esaten dugun bezala zaila da hori kantxan nahi bezala ateratzea, baina pozik. Gaizki hasi gara, baina bagenekien zer egin behar genuen eta horretan jarraitu dugu. Bagenekien gure jokoa zein zen, beraiek ahalik eta gehien mugitzea, eta uste dut lortu dugula», adierazi du Joseba Ezkurdiak finala amaitu berritan.
Pozik Julen Martija ere, 23 urterekin txapel bat irabaztea ez dagoelako edonoren esku. «Emaitza ikusita ez du ematen, baina partida oso gogorra izan da. Josebak hasieratik pila bat jokatu du, niri agian gehiago kostatu zait hasieran, baina gero gozatu egin dut. Nahi gabe Aimarri pilotakada bat ere jo diot, egia da, baina irabazita oso pozik», onartu du neurketa bikaina egin duen Etxeberriko atzelariak.
Martijaren aurrenekoa, eta Ezkurdiaren laugarrena. Eta meritu gehiago duena: lau final jokatu eta denak irabazi. «Finaletara iristea zaila da, eta behin iritsita finaletan norbere onena ematea ere bai. Ni egia esan horretan gozatzen ari naiz, finaletan ongi aurkitu izan naiz, lasai, nire jokoa nahiko ongi ateratzen dut eta oraindik ezin sinetsita nago laugarren txapela honekin. Nork esango zidan niri aurreneko hura irabazi nuenean beste hiru etorriko zirela atzetik», esan du Ezkurdiak, hitzordu handietan berea ematen ez zuen pilotari hura erabat ahaztuta dagoela argi utziz.
Eta txapela norentzat? «Eskaintza berezirik ez, baina familiari, nire neskari, animatzen nauten horiei guztiei eskaintzen diet txapela. Eta iaz amona hil zen eta berarentzat ere bai», bota du Martijak. «Normalean horrelako egunetan pilotalekura etortzen diren horiei guztiei, partida askotara etortzen diren eta gaur hemen egon ezin izan duten jarraitzaile horiei», gaineratu du Ezkurdiak.