INFO

Lau eta Erdiko final-laurdenek hiru partida eta Mikel Urrutikoetxearen falta izango dituzte

Bilbok –ostiral honetan eta larunbatean– eta Eibarrek –igandean– hartuko dituzte kaiolako hiru partidak. Urrutikoetxeak eskuetan duen mina dela-eta, bere aurkaria izango zena, Bengoetxea VI.a, zuzenean pasa da finalerdietara.

Binakakoa berriki irabazita egingo du debuta Ezkurdiak aurtengo kaiolan eta iazko txapela defenditu beharko du. (Endika PORTILLO/FOKU)

Lau eta Erdiko txapelketa espres honek ez du atsedena hartzeko astirik, eta hemen dira jada final-laurdenak. Hori bai, lau partida izan beharrean, hiru jokatuko dira asteburu honetan, ostiralean hasita, larunbatean jarraituz eta igandean amaituta.

Mikel Urrutikoetxeak asteazkenean jakitera eman zuenez, ez da eskuetan duen minaz errekuperatu eta, ondorioz, bere aurkaria izango zena, Oinatz Bengoetxea, zuzenean pasa da finalerdietara. Hala dio, behintzat, aurtengo araudiak.

Honek programazioan aldaketak eragin ditu. Gauzak hala, ostiral honetan, Bizkaia pilotalekuan, Jakak eta Peio Etxeberriak neurtuko dituzte indarrak; larunbatean, eszenatoki berean, Elezkano II.a eta Altuna II.a arituko dira aurrez-aurre –hasiera batean igandean jokatu behar zen partida hau–; eta igandean, Eibarko Astelenan, Ezkurdia eta Artola arituko dira.

Aurtengo Lau eta Erdikoan debuta egingo dute Jakak, Altuna III.ak eta asteartean, Martijarekin batera, Binakako Txapelketako txapeldun izan zen Ezkurdiak. Kaiolako txapela defenditu beharko du gainera.

Sakanako pilotariak gaur bertan aukeratu ditu igandeko partidarako pilotak, bere aurkaria izango den Iñaki Artolarekin batera. Baikoko aurrelariak 104,8 eta 104,4 gramokoak aukeratu ditu eta Ezkurdiak, 104,8 eta 105,2 gramoko beste bi.

Iñaki Artola Ezkurdiaren biharamuna aprobetxatzen ahaleginduko da. «Partida zaila izango dut igandean, baina aldi berean asko motibatzen nauena. Saiatuko naiz nire onena ematen. Hori eginez gero, uste dut aukerak izango ditudala irabazteko», adierazi du aukeraketa ondoren.

Alegiko pilotariak 22-15 irabazi zion Peña II.ari aurreko larunbatean Azkoitin jokatutako partidan. Bien bitartean, Ezkurdiak txipa aldatu beharko du iritsi orduko kaiolatik kanporatua izan nahi ez badu.

Jakak eta Peio Etxeberriak irekiko dituzte final-laudenak

Partida hau baino lehen, beste bi jokatuko dira. Lehenengoa, ostiral honetan, gaueko 22.15ean hasiko den jaialdian. Jakak eta Peio Etxeberriak irekiko dituzte final-laurdenak. Zenotzeko aurrelariak berriki Promozioko Buruz Buruko txapelduna izan den Arteaga II.a menderatu zuen final-zortzirenetan (8-22). Erakustaldia emanda egin zuen gainera, eta berdina egin nahiko du debuta egingo duen Jakaren kontra.

Larunbatean, aldiz, Danel Elezkanok eta 2019ko finalista izan zen Jokin Altunak jokatuko dute. Aurrelari bizkaitarrak Zubizarreta III.a menderatu zuen final-zortzirenetan (22-13). Ofizioz eta oinarrizko gauzak sendo egiteagatik atera zuen partida.

Oraingoan, minduta irits daitekeen Altuna III.a izango du aurkari. Amezketarraren lehen partida izango da Jakaren kontra Buruz Buruko finala galdu ostean. Pilotako txapelketa nagusian jasotako porrotak nola eragiten dion ikusi beharko da.