Aizkolariak «protagonista» dituen txapelketa berrituan, Iker Vicente faborito nagusia
Sherpa.ia enpresaren babespean eta Federaziotik aldenduta, igande honetan sei aizkolari onenak lehiatuko dira Bilbao Arenako pabiloian. Iker Vicenteren alde daude apostuak baina bere abilezia erakutsi beharko du Mikel Larrañaga, "Txikia IV.a", Eneko Otaño, Aitzol Atutxa eta Jon Irazuren gainetik.
Aizkolari multso batek zabaldu nahi duen lehio berri horretatik haize freskoa sartu nahirik, igandean 12:00etan Bilboko Bilbao Arena kirol pabiloian aizkolari onenak duten abilezia agerian utzi nahi dute. Sherpa.ai enpresa dute babesle nagusia.
Federazioak urtero egin ohi du Euskal Herriko Txapelketa nagusia eta aurten ere horren asmotan deia zabaldu zuen izena emateko. Aizkolarien aldetik deiari uko egin zioten eta bertan behera gelditu zen Federazioaren ahalegina. Aizkolarien erantzuna honako hau izan zen: protagonista beraiek izango direla aizkoran zein antolakuntzan.
Bada, Federazioa alboan laga eta, aipatu enpresaren babesean, Txapelketa Nagusia aizkolari taldeak eratu du. Aurretik finalerdian txapelketa nagusirako 10 aizkolari neurtu ziren duela hilabete pare bat. Hamar horietatik sei aurrenak dira finalerako txartela jaso zutenak.
Finalean izango duten lan erdia izan zuten sailkapen hartan eta aurreneko seikotearen izenak eta denborak argibide gisara, finalerako erreferentzia erakusteko asmoz:
Aurrena Mikel Larrañaga Azpeitikoa izan zen 6 enbor ebakitzen, 18 minutu eta 46 segundu behar izan zituen. Ondoren Iker Vicente Otsagabiakoa sailkatu zen, 19 minutu eta erdian. Jarraian, Eneko Otaño Beizamakoa (19' 45"), Julen Alberdi "Txikia IV.a" Azkoitikoa (19' 51"), Aitzol Atutxa Dimakoa (20' 01") eta seigarrena Jon Irazu Zizurkilekoa (21' 01").
Seikote hau izango da finalean eta egin beharreko lana aizkolari bakoitzak lau enbor kanaerdikoak (54 ontzakoak), beste lau 60 ontzakoak, eta lau enbor oinbikoak (72ontzakoak). Guztira, 12 pago enbor, alegia.
Apostuak, Iker Vicenteren alde
Aizkolari gehienek ongi ezagutzen dute Bilbon egin beharrekoa. Aspalditxotik Iker Vicente denen gainetik dabil, enbor gainean akatsik apenas egiten duen. Kortea hasi eta amaitu egiten du, alferriko kolperik eman gabe. Orain, gainera, bere indarrean konfiantza handiaz jabetu da. Prestakuntza oso serio hartzen duen horietakoa da.
Berak aitortu du urte honetan, «pandemia dela-eta» herriz-herri lan askorik ez duela izan «baina entrenamentu asko eta gustokoak burutu» dituela. «Konfiantza handiarekin nago eta inoiz baino prestakuntza hobeagoa egin dudan sentipena daukat. Sentipen oso atseginak ditut».
Mikel Larrañaga ongi ikusten da, kolpe oneko aizkolaria da eta egurrak batez ere kanaerdikoak aise botatzen ditu. Vicenteren martxa, bereziki, erreferentnzi modura izango du.
Kontutan hartzekoa baita ere Julian Alberdi Txikia IV.a; azken bizpahiru urte hauetan gorakada ikarragarria egin du eta aurrean jartzen zaion edonori taupadak ongi berotuko dion aizkolaria da.
Bestalde, Eneko Otaño, oraindik gaztea izan arren aizkora munduan ongi moldatzen den mutila da. Beharbada aizkoran bizitasun puntutxoa gehiago ezarriz, batez ere enbor handitan, goikoen parean jardun dezake eta ez da atzean ikusiko.
Aitzol Atutxa, sarritan izan da txapelduna, lau bat txapel baditu eta orduko maila hura orain bereskuratzea oso zaila badu ere, erne berarekin prestakuntza neurrikoa eginda plazaratzen bada.
Azkenik Jon Irazu, beharbada horrelako lanean gehiagi ibili gabekoa izango da baina etorri badator eta lan ona egingo duen itxaropena dute adituek.
Horrelako final batean garrantzitsua da egurrak zer modutakoak ateratzen diren. Itxurazkoak direnean aizkol demak asko irabazten du. Aldiz, tartean egur zitel, adartsu eta horrelakoak datozenean madarikazioa eta marmarra izaten da. Ea ba, igandean materialaren kexurik ez den izaten.
Promozio Txapelketa
Aurrenik baina, Promozio mailako txapelketa jokatuko da eta honetan zortzi aizkolarik parte hartuko dute. Julen Kañamares III.a, Aratz Mugerza, Arkaitz Jauregi, Eneko Saralegi, Axier Pellejero, Julen Larrea, Ioritz Gisasola eta Eloy Corchero neurtuko dira.
Hauen lana kanaerdiko, 60 ontzako eta oinbiko bina enbor izango dira; orotara, sei pago enbor. Hemen, datorren urtean lehen mailan nortzuk izango diren erabakita geldituko da.