INFO

Atxagaren eleberri bat urteko libururik onenen artean sailkatu dute Britainia Handian

Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ eleberriaren ingelesezko bertsioa Britainia Handiko urteko libururik onenen artean sailkatu du ‘The Guardian’ egunkariak.

Atxagaren «Behi euskaldun baten memoriak» eleberria ‘The Guardian’en.

‘The Guardian’ egunkariak liburu-denda independenteen artean egindako inkesta baten ondotik, Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ liburuaren ingelesezko bertsioa Britainia Handiko urteko libururik onenen artean sailkatu dute.

Asteasuko idazleak 1991n euskaraz idatzitako eta Pamiela argitaletxeak argitaratutako gazte kontakizuna da. Margaret Jull Costak ingelesera itzuli berri du eta bere izena ‘Memoirs of a basque cow’ da ingelesez.

Henry Layte Norwich hiri ingeleseko The Book Hive liburu-dendako kideak ‘The Guardian’ egunkariaren artikulu batean adierazi duenez, Eguberri hauetan jaso nahi dituen hiru liburuetako bat izango litzateke.

Eleberriko protagonista Mo izeneko behi bat da, Balantzategi baserrian jaiotakoa kolpe frankista eta gero. Mo Balantzategin gertatzen diren gauza arraroak ikusten hasten da eta gerra irabazleek baserria nola zelatatzen duten ikusten du. Istorio osoa bere ikuspuntutik kontatzen du. Behiak bere barruko ahotsez hitz egiten zuen maiz eta, hain zuzen ere, bere barruko ahotsak agindu zuen bere memoriak idaztea, behiaren bizitzaren azken urteetan.

«Benetako behi izan nahi duenari nahitaezkoa zaio desertua, nahitaezkoa zaio mundutik urrutiratu eta hondarra besterik ez dagoen erresuma mortuan bolada bat egitea. Ondar artean, belar edo ur izpirik gabe, berdamenaren gozotasunik gabe, behiak sufritu egingo du, eta maiz, eguzkiak ankerki jotzen dionean-eta, atzera egin eta ikuiluratzeko gogoz erotuko da. Baina benetakoa izan nahi duen behi horrek, eta ez behi ustel edo makal, ez dio etsipenari amore emango; aurrera jarraituko du desertua zeharkatu eta mendi hezeak, baso itzaltsuak, begietan har ditzan arte», dio liburuaren sinopsiak.