INFO

Ernai Gasteizko kaleetara aterako da 19an krisia ez dutela gazteek ordainduko argi uzteko

Asteazkenean Ernaiko gazteak Europa Jauregiko agertokira igo ziren «krisia kapitalak ordain dezala» aldarrikatzeko. Datorren astean, abenduaren 19an, Gasteizen manifestazio bat egingo dute pandemiak eragindako krisia ez dutela gazteek ordainduko argi uzteko.

Ernaik Gasteizen egindako agerraldia. (ERNAI)

Ernaik manifestazio bat deitu du datorren asterako Gasteizen, argi uzteko pandemiak eragindako krisia ez dutela gazteek ordainduko. «Krisi hau kapitalari ordainaraziko diogu», nabarmendu dute gazte antolakundeko ordezkariek ostiral honetan egindako agerraldian.

Bertan joan zen asteazkenean izandako protestari buruz izan dute hizpide, izan ere EAJ, PSE, PP eta Elkarrekin Gasteiz udal taldeek gaitzetsi egin dute Europa Jauregian gertatutakoa. Gorka Urtaran alkateak hitz egiten zuen bitartean gazteak agertokira igo ziren «krisia kapitalak ordain dezala» aldarrikatzeko.

«Egin genuen ekimenak gazteon ezinegonak adieraztea zuen helburu, kritika politikoa mahaigaineratuz. Baina askok, aldiz, eztabaida politikoa alde batera utzi eta gazteok kriminalizatzea nahiago izan dute», azaldu dute.

«Jarrera honek agerian uzten du Gasteizko Udalak duen jokatzeko modua bere filtroetatik igarotzen ez denean. Bada garaia gazteoi benetan ordezkatzen gaituzten markoak irekitzeko eta hiri honen gazteria osoaren errealitatetik abiatuta benetako neurriak garatzeko», gaineratu dute.

«Neurrien arduragabekeria»

Eta «pandemiaren aitzakiapean Eusko Jaurlaritzak, eta zehatzago EAJk hartutako neurrien arduragabekeria» salatu dute. «Bide honetan, sistema kapitalista heteropatriarkalari eutsi asmoz ezarritako neurriek soilik zaurgarritasuna, prekarietatea, biolentzia eta bazterketa ekarri baitigute gazteoi», adierazi dute.

«Hartutako neurri gehienek ardura indibidualean jarri baitute arreta, horren adibide da herritarrok gaixotzeagatik estigmatizatuak izan garela, eta zeharka beraz, pairatzen ditugun ondorio ekonomiko eta sozialen erantzule bihurtu gaituztela. Neurriak behar dira bai, baina ez ardura kolektiboak albo batera utzi eta dirudunen mesedetan egiten diren neurriak. Herritarron mesedetan eta herritarron ongizatea helburu duten neurriak exijitzen ditugu. Krisia ez dezagun betikook ordaindu, krisia kapitalak ordain dezan», azpimarratu dute.