INFO

Herri hizkeren atlasari amaiera eman dio Euskaltzaindiak XI. liburukiarekin

Itsas arrantzari eta gizarte-bizitzari lotutako lexikoa landu du Euskaltzaindiak ‘Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren XI. liburukia’-n.

Atlasaren azken liburukia Bilbon aurkeztu dute. (NAIZ)

Ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzeko xedez abiatu zuen Euskaltzaindiak ‘Euskararen Herri Hizkeren Atlasa’ eta, XI. liburukiarekin, proiektuari amaiera eman dio. «Hamaikagarren liburuki honekin etapa bat amaitzen da, eta aukera berriak sortzen dira, askotarikoa baita 80. hamarkadan jasotako materiala, beste egitasmo batzuk ontzeko baliagarri izan daitekeena», azaldu du Andres Urrutia euskaltzainburuak Bilbon egin den aurkezpenean.

Adolfo Arejita, EHHA proiektuaren zuzendariaren hitzetan, «atlas honek, euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu». Bere aldetik, Joan Martí ohorezko euskaltzainak era honetako ikerlanen garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Euskararen Atlasa ontzea pausu garrantzitsua da hizkuntzaren normalizazioa gauzatzeko bide luze eta neketsuan. Euskarari opari izugarria egin dio Euskaltzaindiak, baita gainerako hizkuntzei ere. Atlasa euskal hizkuntzaren oinarria baita, hizkuntza bera deskribatu eta bereizten duen lehen mailako ikerlana».

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

‘Euskararen Herri Hizkeren Atlasak’ (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du xede. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa-puntuen sarea, galde-sorta eta lan-metodologia finkatu zirelarik. Galde-sorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia.

Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko).

2010ean kaleratu ziren lehen bi liburukiak eta, geroztik, urtez urte ale berria argitaratu dute, eduki ezberdinak landuz. Bilduma ixten duen azken liburukia 232 mapaz osatuta dago eta ofizioak eta tresnak; itsasontzia eta eskifaia; itsas arrantza eta beste lanbide batzuk; gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak dira lantzen diren gaiak.

Atlasaren eduki guztiak (XI. liburukia barne) Euskaltzaindiaren webgunean daude, herritarrek nahierara kontsulta ditzaten.