INFO

Kopara joateko, IDK Euskotrenek Valentziari irabazi behar dio edo kalkulagailua atera

Donostiarrek garaipena lortu ezean, Campus Promete, Ensino edo Cadi La Seuren porrota beharko luke. Berdinketarik balego, average orokorrean daukan abantaila baliatu beharko luke. Aurreneko itzuliko azken jardunaldia zapatuan 19.00etan hasita jokatuko da osorik.

IDK Euskotrenek Kopa jokatzea eskuan dauka, baina Araskik gainera laguntzatxo bat eskain liezaioke. (Jon URBE / FOKU)

Larunbatarekin batera iritsiko da Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzuliko azkenengo jardunaldia. Berau 19.00etan hasita jokatuko da osorik eta bertan erabakiko dira Kopara zeintzuk zortzi talde joango diren. Uneotan Lointek Gernika Bizkaia da txartela lortu duen euskal talde bakarra, Perfumerías Avenida, Valentzia Basket, Girona Ciudad de La Laguna Tenerife eta Estudiantesekin batera.

Azken bi txartelak lortzeko hautagai nagusienetako bat IDK Euskotren talde donostiarra da. Gainontzeko hautagaiek baino; alegia, Ensino, Cadi La Seu eta Campus Prometek baino, garaipen bat gehiago dauka Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak –zazpi, hain justu– eta Gasca kiroldegian jokatzen du aurreneko itzuliko azken neurketa. Tamalez, Valentzia Basket boteretsua izango du aurkari talde gipuzkoarrak. Valentziarrek aurreneko itzuli osoan neurketa bakarra galdu dute, sei bere aldetik donostiarrek. Bada, zortzigarren garaipen hori lortzea kosta behar zaio.

«Partida ona egin beharko dugu Valentziaren aurka. Garaipenaren bila joango gara, eta partida normala ez dela jakinda, besorik jeitsi gabe», adierazi du neurketa bezperan Azu Muguruzak.

Dena den, IDK Euskotrenek galduko balu ere, Kopara joateko aukerek hor jarraituko lukete, nahiz eta kontuak ia azkenera arte egin behar. Aurreneko itzulian sartutako eta jasotako puntuen average orokorrari egiten zaio so eta uneotan +4ko averagea dute donostiarrek; 921 puntu alde eta 917 kontra. Hala, Valentziarrak nagusituta ere, hobe lukete donostiarrek azkenera arte borrokan segitzea, ahalik eta alde txikienaz galtzeko. Halakorik lortuko balu, ia ziur Koparako sailkatuko dela.

Kalkulagailua jo eta su

Ostera, ikusi egin behar Campus Promete, Ensino eta Cadi La Seuk zernolako egutegia eta averagea dituzten. Campus Promete Logroñoko taldeak Mendizorrotzan jokatuko du Araskiren aurka. Teorian, gasteiztarrek ere, nahiz eta bost garaipen bakarrik pilatu, balukete zortzigarren postua eskuratzeko. Baina horretarako Campus Prometeri irabazteaz gain, Ensinok eta Cadi Laseuk ere galdu beharko lukete, eta horrek nahiko zaila dirudi. Ensinok Zamarat, Ligako azkenaren etxean jokatu behar du eta Cadi La Seuk, Al-Qazeres, hamahirugarrenaren kantxan.

Araskik, bada, IDK Euskotreni laguntasuna eskaini liezaioke, baina Koparako aukerarik ia ez luke izango, average orokorra ere oso txarra baitauka. Esan bezala, IDK Euskotrenek zazpi garaipen eta +4ko averagea duen artean, sei garaipen dituztenen talderik aurreratuena Campus Promete da, -41eko balantzearekin; Ensinok -57 darama uneotan eta Cadi La Seuk -63. Araskik, bost garaipen dituela, -76ko average orokorra dauka. Bada, alde handiaz irabazi behar lioke Errioxako taldeari eta horrez gain, Ensinok eta Cadi La Seuk ere alde handiaz galdu beharko lukete.

Maloste kiroldegian, berriz, Lointek Gernika Bizkaia eta Ciudad de la Laguna Tenerife neurtuko dira. Biek ala biek bederatzina garaipen pilatu dituzte orain arte. Estudiantesek zer egiten duen ikusi behar, uneotan laugarren postua Madrilgo taldearena baita, baina Malosten irabazten duenak aurreneko itzulia laugarren amaitu eta Kopa jokatzen denean –2021eko martxoaren 4tik 7ra, oraindik non jokatuko den, ezta ikuslerik izateko modurik izango den ere inork ere ez dakien arren– zerrenda-buru izateko aukera handia izango du.