Biarrizko Udalak legea urratzen duela salatzeko desobedientzia ekintza egin dute Biziko kideek
Bizi! mugimenduko kideek desobendientzia ekintza egin dute Biarritzen Maider Arosteguy auzapezak bizikletentzako bideak ez dituela errespetatzen salatzeko. «Legea urratzen dugu, legea bete dezala eskatzeko», argitu dute ekintzaileek.
J.F Kennedy etorbidea eten eta berrikuntza lanak egiten ari diren eremuan pintaketak egin dituzte Bizi! mugimenduko kideek, «L 228-2 artikulua errespetatu» dadila eskatzeko. Polizia gerturatu den arren ez du esku hartu, eta ordu erdiren buruan errepidea berriz ireki dute ekintzaileek. «Urtarrilean Udalaren aldetik aldaketarik ematen ez dela ikusten badugu, lanak gelditzera behartuak izango gara», ohartarazi dute.
«Egiten ari garena ilegala da, baina gure gain hartuko dugu auzitara bagoaz. Edonola ere gure galdera honakoa da: Nortzuk dira auzitara eraman behar direnak? Legea zangopilatzen dutenak edo legea errespetatua izan dadila eskatzeko legea urratzen dugunak?», galdegin du Antton Hariñordoki Bizi! mugimenduko ordezkariak.
Gaurkoa ez da Biarrizko Udalaren jarrera gaitzesteko Bizik egin duen lehen ekintza. Txetx Etcheverry bozeramaileak oroitarazi duenez, «lehenik Prefeturari dei egin genion Biarrizko Herriko Etxea legea urratzera zihoala esateko, jarraian Maider Arosteguy auzapezari bere erabakia ezezta zezala eskatu genion eta azkenik, elkarrekin biltzeko gonbita luzatu diogu, baina ez digu erantzun».
L 228-2 artikulua
Bizi! mugimenduko kideek aditzera eman dutenez, zehazki «ingurumen kodeko L 228-2 artikulua» da Biarrizko Udalak urratu duena. «Lege horrek dio horrelako hiri batean egiten diren berreraikuntza lan guztietan bizikletentzako bideak antolatu behar direla, eta hemen ez dute halako ezer egitea pentsatu», nabarmendu du Hariñordokik.
Prentsari eskainitako azalpenetan Hariñordokik argitu duenez, «aurkeztu duten txostenaren arabera soilik lurrean marraztutako bizikleten irudiak izango dira, baina hori ilegala da, zeren horrelako pintaketak norabide bakarreko bideetan baizik ez dira egin ahal, eta hau ez da kasua, hemen beharko lituzkete bizikleta planaren araberako neurriak ezarri, hau da, 2014ean BABko udalerriek izenpetu zuten bizikleta planaren arabera, zehaztua zen holako hiribideetan bizikletentzako pistak eta topaguneak eraiki behar zirela».
Azken hauteskundeetan Bizik aurkeztutako Trantsizio ekologikoaren aldeko plana izenpetu zuen Biarrizko Udalak eta txosten hartan zehaztua agertzen zen bizikletentzako bideak egin behar zirela. Zehatzago, Biarritz, Angelu eta Baiona batzen zituen egitasmoan J.F. Kennedy etorbidea «bide estrategiko bezala markatua» zela jakinarazi dute ekintzaile altermundistek. Izan ere, Biarrizko sarrera nagusietako bat da, besteren artean, tren geltokia eta erdigunea lotzen baititu. «Beraz, pentsatua zen hemen bizikleta bide bat egitea, baina Maider Arosteguyk ez du bere erantzukizunari erantzuteko asmorik», azpimarratu du Hariñordokik.
Demokrazia eta klimaren egonkortzea
Bizi! mugimenduko kideek hauteskunde kanpainan esandakoak ez betetzea ere egotzi diote Biarrizko auzapezari, eta halako jarrerak «demokraziarentzat arriskutsuak» direla ohartarazi dute, haien iritiz, «emandako hitza betetzen ez duten ordezkari politikoek demokrazia zalantzan jartzen baitute».
Antxon Hariñordokik ekimen zehatzetatik harago gibelean dagoen auzi nagusia zein den argitu nahi izan du: «Hemen ez gara bakarrik bizikleta egunero erabiltzen duten pertsonen segurtasunaz ari, berotegi-efektuko gasen isurketaren murrizketaz ari gara, beraz klimaren egonkortzeaz. Hemen ezartzen den politikak gainbehera klimatikoa saihesteko azken xantzak ezeztatzen ditu, horregatik diogu hemen egiten ari dena ezin onartuzkoa dela, delituzkoa da, eta klimaren kontra egiten den neurrian, kriminala ere bada».
Balantzaren alde batean, Herriko Etxe batzuek jarrera baikorra dutela onartu dute ekintzaile ekologistek. Haien hitzetan, «Herriko Etxe anitzek gauzak aldatu dituzte, adibidez, mugikortasun planetan oinezkoei eta bizikletan ibiltzen direnei leku gehiago eman diete, eta baita garraio publikoari ere, hau da, erantzukizuna dute eta haien baliabideen arabera urratsak ematen dituzte».
Ordea, balantzaren beste aldean «kontrako zentzuan doazenak» seinalatu dituzte. Zentzu horretan, Donald Trump eta Maider Arosteguy alderatu ditu Txetx Etcheverryk, eta Antton Hariñordokik gaineratu duenez, «Biarrizko Udalak egin duen lehen erabaki mediatikoa izan da BABeko bizikleten bidea kentzeko eskatzea, eta orain egiten duen bigarren gauza lan hauek dira, bizikleten bidean pentsatu gabe».
Mugimendu altermundistako kideek aditzera eman dutenez, datozen egunetan «adi» egongo dira, «ingurumenaren kodea osoki betetzen dela» ziurtatzeko, eta baita «trantsizio ekologikoaren ituna osatzen duten zazpi neurriak ere».