Ikastolen Elkarteak bere hezkuntza proiektua Administrazioren esku uztea baztertu du
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunean biltzen diren eragileei erantzunez, Ikastolen Elkarteak publifikazioa baztertu eta berretsi du ez dagoela «herritarrek herritik eta herriarentzat sortu eta garatutako hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko».
Ikastolen Elkarteak oharra kaleratu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak joan zen astelehenean egin zuen aurkezpenean plazaratu zituen aldarrikapenei erantzuteko. Besteak beste, hezkuntza sistema birplanteatzeko eta «eskola bakarra» eta publikoa eskatzen zuten plataforma horretan bildutako eragileek.
Ikastolen Elkarteak dioenez, ez ditu «harritu» eskaera horrek «manifestua izenpetu duten zenbait eragileren aldetik», baina «beste zenbaiten aldetik, ordea, bai, bakarka bestelako planteamendu bat egiten dutelako».
«Publifikazioa aipatzen dute, gainera, errezeta magikoa izango balitz bezala, horren bitartez, eta horren bitartez soilik, lortu ei delako murgiltze sistema ezartzea, segregazioa amaitzea eta hezkuntza sistemak egun dituen gabezia guztiak konpontzea», nabarmendu dute.
Ikastolek argi utzi dute ez daudela prest «herritarrek herritik eta herriarentzat sortu eta garatutako hezkuntza proiektuak ezein administrazioren esku uzteko» eta 1993an sistema publikoan ez integratzeko hartu zuten erabakiarekin «harro» daudela berretsi dute.
Ordutik, erantsi dute, «bide propioa egin dugu, eta talde sendoa osatu dugu Euskal Herri osoan: 111 ikastola gara, 57.000 ikasletik gora ditugu, milaka familia, eta 6.000 irakasle eta langile ez irakasle. Izaera kooperatiboari jarraituz, taldean egiten dugu lan eta taldearentzat: elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, eta proiektuak batera eramanez. Euskal Herri mailako ikuspegiarekin, hezkuntza eredu propioaren bitartez, euskaratik eta euskaraz, euskal curriculuma ardatz hartuta, begirada etorkizunean jarrita ari gara».
Hezkuntza sistemaren eraldatu beharrarekin bat datoz ikastolak, baina aldaketa hori, etortzekotan, «une honetan, Hezkuntza Lege berri batekin etorriko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Urteetan ari gara aldarrikatzen hezkuntza sistema osoarentzako lege berri bat hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko bidean, eta Euskal Herri osoa hartuko ez badu ere, abiatu dadin nahi dugu».
Ikastolen Elkarteak «hezkuntza sistema propio bat» aldarrikatu du, «herri ekimenak ere lekua izango duen publikotasunaren definizio berri batekin», lege batean adierazita. Hori guztia «hemen garatutako eztabaida baten emaitza» izan behar duela uste du, «eztabaida zabal eta sakon bat, guztion artean eginikoa, baita gure mugimendua eraitsi nahi dutenekin ere».