Atxilotu bat Eibarren, presoen aldeko osteguneko elkarretaratzean
Euskal Herrian zenbait ekitaldi zapuzten saiatzearren aski ezaguna den Cake Minuesa Eibarrera bertaratu da gaur, presoen aldeko elkarretaratzera. Plazatik kanporatua izan ostean Ertzaintza agertu eta parte hartzaile bat eraman du atxilo.
Ostegunero eta aspaldi patxadaz eta inolako arazorik gabe Eibarko Untzaga plazan burutzen den presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak atxiloketa bat ekarri du gaurkoan.
Parte hartzaileek salatu dutenez, telebista kate espainoletan diharduen Cake Minuesaren probokazioak eragin du istilua. Bazterrak nahasteko asmoz ageri da eta hortik joateko gonbita jaso du. Jarraian agertu da Ertzaintza.
Hauxe zabaldu du Eibarko Ernaik:
ADI FAXISTAK GAUR EIBARREN!
— Ernai Eibar (@eibarkoernai) December 17, 2020
Gaur arratsaldean presoen elkarretaratzean geundela Cake Minuesa faxista ezaguna etorri da untzagara.
Momentuan plazatik kanporatua izan da, ez geneukan nahikoa, eta jarraian ertzainak etorri dira.
(1/2) pic.twitter.com/3lyf9PPvVQ
Eta hau erantsi du geroago:
Zuzenean bertan geundenoi bortitz erasotu digute eta pertsona bat atxilotu dute.
— Ernai Eibar (@eibarkoernai) December 17, 2020
Zipaioen txuleria eta jarrera lotsagarria salatu nahi dugu, faxistei bidea egiten diete herria jipoitzen duten bitartean.
Ez dira pasako!! pic.twitter.com/tTVcPWGJb0
Lakuako Segurtasun Sailak ez du honen berririk eman, gauerdia arte behintzat. Atxiloketaren zergatia eta eraman duten pertsona nor den ez da zehaztu informazio hau idazteko orduan.
Minuesari dagokionez, ezaguna da bere jarduera. Besteak beste, Arnaldo Otegiren zenbait ekitaldi saboteatzen ahalegindu da eta Altsasun ere zeresana eman zuen, Foruzaingoak berak bidea moztu behar izan ziolako.