INFO

«Hor egongo gara zuekin batera», Maddalen Arzallus «Bateragune auzi»koei kantari

«Zenbat aldiz ekartzen diguten ahaztu nahi dugun oroitzapena/ zenbat aldiz jarriko digute epailearen aurreko hitzordua/ baina gu hor egongo gara zuekin batera». Honela dio Maddalen Arzallus bertsolariak Arnaldo Otegi eta haren kideei eskainitako kantuak.


EiTB Gaztea Irratian aktualitateari abesten dio Maddalen Arzallus bertsolari lapurtarrak eta gaur «Bateragune auzia» errepikatzeko Gorenak hartu berri duen erabakia izan du kantugai.

Youtuben ere berehala hasi da zabaltzen ‘Zuekin batera’ izenburu duen abestia, Gorenaren aginduz berriz Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian berriz eseri beharko diren Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Rafa Diez Usabiagari eskainia dena. Atxiloketen irudiekin, 2011eko epaiketaren argazkiekin, espetxeratuta ziren garaiko mobilizazioekin... osatu du bideoa Gabi de la Maza erabiltzaileak sare horretan.

Arnaldo Otegik berak eskertu du lana Twitterren, bide batez ezker abertzaleko bost kideen asmoen berri emanez:

 

«Zenbat aldiz marrazten diguten joan zen hartatik etorkizuna/ zenbat aldiz ekartzen diguten ahaztu nahi dugun oroitzapena/ zenbat aldiz jarriko digute epailearen aurreko hitzordua/ baina gu hor egongo gara zuekin batera», honela dio abestiaren lehenengo bertsoak.

Etengabe errepikatzen diren iraganeko joera horiek zerrendatzen segitzen du Maddalen Arzallusek, eta honela bukatu du kantua: «Ta ez gara sartuko berriro haiek nahi duten zuloetan/ altxatuko ditugu besoak ukatzeko onartezinak/ ta aterako dugu benetan barruan gelditzen zaiguna/ gu beti hor egongo gara zuekin batera».