INFO
Entrevista
Nerea Eizagirre
Realeko jokalaria

«Gauza asko lortu ditut baina ez dut horretan geratu nahi, anbiziosoa naiz»

Uneko jokalaria da azken astean sartutako lau golek Realari zazpi puntu eman ondoren. Bere ibilbideari jarraitu diotenak ez ditu ezustean harrapatu, baina Nerea Eizagirre (Tolosa, 2000) bere une goxoenetakoa bizitzen ari da.  Natalia Arroyoren etorrerarekin aurrerapauso handia eta azkarra eman du.

Nerea Eizagirre une goxoa bizitzen ari da. Irudian, Rayoren aurkako partidaren jokaldi bat. (Jon Urbe/Foku)

«Nerea Eizagirrek zazpi puntu eman dizkio Realari zortzi egunetan», «Eizagirre beste behin», «Ez dago mugarik Eizagirrerentzat»… Realeko jokalari gaztea titularretaz jabetu da azken egunotan, bere taldearen azken lau golak sartuz astebetean jokatutako hiru partidetan, zazpi puntu batu baititu Realak. Baina tolosarrari ez dio loa kentzen bere izena edonon ikusteak eta entzuteak.

Alde batetik, «lasai egotea gustaten zaidalako eta bakarrik irakurtzen dut batzuetan senideek eta lagunek bidaltzen didatena», eta bestetik, eta batez ere, «ez dudalako inon irakurri edo entzun behar oso une onean nagoela jakiteko. Nik badakit hori, eta ez bakarrik golak sartu ditudalako azken bolada honetan, baizik eta oso gustora sentitzen naizelako, disfrutatzen, fisikoki gustora, sentsazio onekin… Hori guztia beste inork baino hobeki dakit».

Golak sartzea eskertuko duzu, edozein kasutan.
Dudarik ez. Eta batez ere, taldeak puntuak eskuratzeko balio dutenean. Esan nahi dudana da askoz gehiago dagoela golak sartze horren atzetik baina oso pozik nago bolada honekin eta denbora askotan luzatzea espero dut.

Zure gaitasuna ezagutzen genuen, baina inoiz ez zaitugu hain fin ikusi ate aurrean. Kasualitatea da edo zeozer aldatu da?
Konfiantza handiarekin nago, horrek gehiago ausartzera bultzatzen zaitu eta, aldi berean, ausardia horrek fruituak ematen baditu, konfiantza handitzen da. Baina ez da une honetako kontu hutsa. Denboraldi-aurrean lan asko egin dut ondo iristeko, fisikoki oso ondo sentitzen naiz, zenbait faktoretan aldatu dugu lana eta jokoa, eta guzti horrek hobekuntza ekarri du. Inoiz baino hobeto sentitzen naiz. Beti izan naiz abila baloiarekin baina orain urrats bat gehiago eman dut, fisikoki, jokoan, kontzeptuetan eta definizioan.

Beti izan naiz abila baloiarekin baina beste pauso bat eman dut, fisikoki, jokoan, kontzeptuetan...

Taldea asko eskertzen ari da. Partidak menderatzen ditu, bokazio erasotzaile argia dauka golak egitea kostatzen zaio. 
Ez dut uste gakoa hainbeste gugan dagoenik, Ligaren mailan baino. Taldeak gero eta hobeto prestatzen dira eta orokorrean emaitzak eta partiduak nahiko parekatuak izaten ari dira, ustekabe askorekin... Horrekin ez dut nahi esan hobetu behar ez dugunik; bide honetan lanean jarraitu behar dugu, konfiantza ez galdu eta iritsiko dira.

Zuri buruz galdetzen diogunean, eta ia prentsaurreko guztietan gertatzen da, Natalia Arroyok beste arlo batzuetan egindako hobekuntzak azpimarratzen du, gaitasun golegilea baino gehiago. Baloirik gabeko lanean, adibidez.
Askotan etortzen zait nire izena agertu dela esaten! Eta, egia esan, gustatzen zait, seinale ona da. Zure galderari dagokionez, bai, horrela da. Asko hitz egiten dut Nataliarekin, konfiantza handia daukat berarekin, eta asko azpimarratu dit hori. Bagenekiela baloiarekin jokalari abila naizela baina jokalari konpletoagoa izan nintekeela. Helburu horrekin gogor lan egiten ari naiz eta emaitzak ikusten, gero eta hobeto sentitzen bainaiz.

Nataliaren futbola bat dator nirekin. Konektatu egin dugu eta hori sentitzen duzunean konfiantza eta ilusioa handiagoak dira eta dena da errazagoa

Natalia Arroyoren etorrerak zure hazkundea azkartu duela dirudi. Ez dakit ikasle guztiek behar duten irakasle «pizgarri» hori topatu baduzun.
Nik uste dut bi faktore batu direla. Nire bosgarren denboraldia izanik, argi nuela aurrerapauso bat emateko unea zela. Eta klubetik ere, denboraldi-aurrea hasi aurreko hizketaldian, hori trasmititzen zidaten, nire bidean aurrerapauso bat eman nezakeela. Eta horri gehitu zaio Nataliaren etorrerak piztu duen ilusioa. Ekarri duen futbola bat dator nirekin, ikusi dut pareko direla nik nola bizi dudan futbola eta berak nola bizi duen, pentsamendu berdina daukagu hainbat gauzatan. Konexio hori sentitzen duzunean, konfiantza, ilusioa… handiagoak dira eta dena errezago irteten da.

Bide horretan, zein izango litzateke hurrengo urratsa?
Jokalari erabakigarriagoa izaten, nire taldearentzat jokalari garrantzitsua izan nahi dut. Golak sartu, noski, taldeari asko laguntzen diolako. Baina laguntzeko forma asko daude eta denak menderatu nahi ditut; golak, paseak, kokapena, lana… Eta erregularra izatea, benetan onak diren jokalariek hori baitaukate, erregulartasuna. Oso ondo dago denboraldi batean 7-8 gol sartzea, nire kasuan nire marka litzateke, baina ez dut nahi orain bolada on bat eduki estatistiketan agertzeko eta akabo. Denboraldi osoan zehar minutuak eduki nahi ditut, merezi izatea, ondo jokatzea, taldea laguntzea… Batzuetan baloia sartuko da eta beste batzuetan ez, baina taldearentzat jokalari garrantzitsua izan nahi dut. Eta hobetzen eta hazten jarraitu, etengabe.

Taldearentzat garrantzitsua izateko forma asko daude eta guztiak menderatu nahi ditut, golak, paseak, kokapena, lana... Eta erregularra izatea, ez bakarrik bolada on bat edukitzea estatistiketan agertzeko

Hobekuntza eta hazkunde hori aspaldi ematen ari da bere fruituak. Europako txapelduna, ehun partida Lehen mailan, Kopa, Espainiako selekzioaren deia…
Bai, 20 urte besterik ez ditut, baina gauza on asko lortu ditut dagoeneko. Eta ondo dakit horrek atzetik duen guztia. Gauzak ondo egin, asko zaindu, entrenatu… Gehien pozten didana hori da, egiten ditudan esfortzu eta sakrifizioek helburu horietara eramatea. Eta horretan dihardut, argi baitaukat orain artekoa oso ondo egon dagoela baina ez dut horretan geratu nahi. Anbiziosoa naiz eta asko daukat hobetzeko eta lortzeko. Amets bat izango litzateke Realarekin Championsa jokatzea, Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketan partehartzeko aukera ere hor dago…

Nerea Eizagirrek ehun partido bete ditu aurten Realaren kamisetarekin. (Real Sociedad)

Bosgarren denboraldia duzu Realaren kamisetarekin. Taldeak urte hauetan egin duen aurrerapausoaren lekuko zuzena izan zara eta, nolabait, zuen bideak paraleloak izan dira.
Bai, heldu ninzenean klubaren apostua ez zen hain argia eta biok batera asko hazi gara. Talde gaztea ginen, ilusioz eta anbizioz betea, klubak urrats bat eman zuen, gure aldeko apustua egin zuen, guk erantzun genuen gauzak ondo eginez, titulu bat lortuz, haziz… Paralelotasunak jarraitzea espero dut, taldeak eta biok batera helburuak eta ametsak elkarrekin lortzen jarraitzeko.

Kopa hazkundearen emaitza izan zen eta, aldi berean, hurrengo aurrerapausoen eragilea. Zein izan daiteke hurrengo mugarria?
Championsera heltzea, argi dago. Hirugarren postua eskuratzea, edo bigarrena. Bartzelona beste maila batean dago, baina bigarrena zergatik ez? Real Madril, Atletico, Granadilla, Levante, Athletic… Lehia handia da, aurkari indartsuak dira, baina baita gu ere; sailkapena eta gure partidak ikusi besterik ez dago. Gakoa erregulartasuna izango da, maila altua mantentzea ekainera arte. Eta saria guretzat izatea espero dut, noski.

Gauzak ondo egiteak begirada asko erakartzen ditu, are gehiago Espainiako selekzioak deitzen badizut... Gabonetara heldu barik deitu didate hainbat taldek. Baina nik kontratua daukat eta lasai nago

Emaitza onak lortzen dituzten taldeek arrain handien sabelkeriari erantzun behar izaten diote gero. Realaren proiektuaren mehatxu handiena hori da?
Nik uste dut hori futbolaren normaltasunean sartzen dela; gauzak ondo egiteak begirada asko erakartzen ditu. Guk ere Maitane [Lopez], Gemma [Gili] edo Nuria [Rabano] ekarri ditugu aurten. Talde guztiek begiratzen dute besteek egiten dutena, besteen jokalariak… Eta denboraldi on bat eginez gero... are gehiago, selekzioak deitzen bazaitu… Nik kontratua daukat eta lasai nago baina Gabonetara heldu barik deitu didate hainbat taldek. Baina lasai nago. Denboraldi amaieran ikusiko da ikusi beharrekoa, baina nire ilusioa kontratua betetzea da, hemen hazten jarraitzea eta gauza politak lortzea Realaren kamisetarekin.

Ez ditugu zaletuak izutu nahi. Deiak jasotzen ari zara, baina kontratua daukazu 2022rarte.
Bai, hori da. Deiak jasotzen ari naiz orain eta lehengo urtean ere jaso nituen. Zure taldearekin ondo egiteak interesa pizten du eta Espainiako selekzioak deitzen bazaitu, askozaz ere gehiago. Baina nik argi daukat kontratua daukadala. Ez dut harago pentsatu nahi, ez dakit etorkizunak zer ekar dezakeen. Baina kontratua daukat eta helburua kontratua betetzea da, Realarekin helburu politak lortuz.

Epe motzean, helburu horiek Valentzia eta Atletico garaitzea izango dira, urteko azken bi aurkariak.
Bai, partida garrantzitsuak dira goian jarraitzeko. Larunbatean, batez ere, hiru puntuak eskuratu behar ditugu, Real Madrilek eta Atleticok elkarren kontra jokatzen dutelako. Eta urteko azkeneko neurketan, Atleticoren aurka, gutxienez puntu bat ekarri behar dugu; beti ere, larunbat honetan Valentzia menderatzea lortzen badugu. Baina, egia esan, orain ez dugu helburua txikiagotu nahi: sei puntutik seiak nahi ditugu.