Euskal presoen eskubideen aldarria, Martutenetik Ipar Euskal Herriko plazetara
Presoen eta haien seme-alaben eskubideen aldeko hainbat ekimen izan dira larunbat honetan Euskal Herriko hainbat txokoetan. Gabon garaiko kanten doinuen artean, eta datorren urtarrilaren 9rako aurreikusten den mobilizazio erraldoiari begira, giroa hotz berotu dute egun osoan zehar.
Jende ugari gerturatu da Martuteneko kartzelara gaur goizean ‘Motxiladun haurren’ eskubideen aldeko aldarriari babesa emateko. Haur ugari ikus zitezkeen ere, Loiolara arte jai giroan joan den kalejiran. Pankartaren leloan, goizean Donostian eta arratsaldean Basaurirako kartzelara egingo den martxen aldarri nagusia irakur zitekeen: «Urrunketa + Covid = Umezurtz. Patinetean joan nahi dut ama/aita ikustera».
Gaur egun, eta Sarek emandako datuaren arabera, 86 ume daude aita, ama edo biak besarkatu ezinik bederatzi bat hilabetez. Egoera latza baldin bada dispertsioaren eraginez, pandemiak sortutako egoerak zaildu egin du erabat haurrak dituzten presoen egoera.
Xochitl Karasatorre eta Amaiur Iragi, aita espetxean duten gazteak, irakurri dute kalejiraren bukaeran ekimen hauen eskaera nagusiak. Hiru dira, batez ere, aipatu dutenaren arabera: haur hauen gurasoak Euskal Herrira hurbildu ditzaten; guraso izaten jarraitzeko, euskal presoei ezartzen dioten salbuespen legedia bertan behera gera dadin eta hemengo kartzeletan familien moduloak zabaldu daitezela behingoz. «Elkarbizitzan eta benetako bakean oinarrituko den etorkizun koloretsua eraiki nahi dugulako 0km ren ordua da…, Sareren esanetan.
Sarek antolatu du ere Basauriko espetxera martxa. Ehunka lagun bildu dira euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko.
Plaza argituz
Euskal presoen aldeko eskubideak ditu ere ardatz gaur, eta egun osoan zehar, Ipar Euskal Herriko hogei plazatik gorako herri eta plazetan izan diren ekitaldietan. ‘Plaza argitu!’ lemapean, gaurkoa datorren urtarrilaren 9an Baionan ‘Argi dugu!’ lemapean egingo den giza-kateari begira, giroa «berotuz» ibili dira goizean.
Hendaia, danborraren doinuarekin; Senperen eta Hazparnen Gabonetako doinu erreibindakagarriekin... Artisan de la Paz-ek antolatuko ekitaldiak arratsaldean jarraipena izan dute Baionan, Baigorrin eta Biarritzen.
«Argi dugu bakerako bidea, presoak orain! pausutik pasa behar da», antolatzaileen arabera. «Horrek errealitate bat izan behar du hemen, Euskal Herrian, beste herrialdeetan izan den bezala. Non, atzoko gatazkak eta atzoko sufrimenduek eragindako sentimendu legitimoak baino indartsuagoa den etorkizuneko borondate komun batek gainditu behar gaituen. Presoen egoeraren berehalako aldaketa da ikuspegi erradikal horren elementu bat».