INFO

Lurraldearen bi aldeetara begira, hesiaren gainetik

Birusak ez omen du mugarik ezagutzen, baina agintariek azken urteotan lausotutako murruak berreraiki dituzte. Banaketak Euskal Herrian uzten dituen zauriak agerian geratu dira, berriro. Zauriok sendatzeko, herria artikulatzeko, dauden lehentasunak ere agerian geratu dira, ordea.


Pandemia baten oroimen hurbilekorik ez zuten Euskal Herrian herritar gehienek aurten arte. Bada, bere lurraldetasunaren gainean bizipen aski apala zuen herri baten partaide gisa ere ikusi dute bere burua euskal herritar askok eta askok amaitu berri den urtean.

Covid-19ri aurre egiteko xedez, muga fisikoa berriro ezartzea agindu zuten egun batetik bestera frantziar zein espainiar estatuek. Horren ondorioz, Hego Euskal Herriko bi administrazio eremuen artean bereizketa areagotu eta Bidasoaren bi aldeen artean haustura sortu zen. Egun batetik bestera, belaunaldi berriek apenas ezagutzen ez zituzten debeku seinale iraunkorrak atzeman zituzten paisaian. Anartean, adinean sartuak ziren herritarrei gainditutzat zuten iragana berpiztu zitzaien.

Joan den mendeko 90eko hamarkadan Europar Batasunaren baitako mugak ezabatzearekin batera, Euskal Herrian lurralde jarraikotasun moduko bat irudikatu zen. Egoera imajinario samarra izanik ere, zubiak zabaldu ziren eta ondoko urteetan lurraldeari loturiko auzia nolabait gatazka-dimentsioa galduz joan zen.

«Aske mugi gaitezke [gehienetan], hots, lurralde [aski] libre batean bizi gara». Pirinioetako igarobideetan luzaroan odol eta izerdi larregi isuritako herriak itxaropenez hartu zuen esaldi horrek laburbiltzen zuen promesa berria.

Alta, iragan udaberrian nazio honen arteriak blokeatu egin ziren ustekabean. Espainiar eta frantziar poliziek metalezko hesiak ezarri zituzten eta, tarteka, Armadako kideak ere plantatu ziren Euskal Herriko bi aldeak iruten dituzten dozena bat pasabidetan.

Salbuespen egoera irudikatzeko hesia berrezartzea baino keinu azkarragorik ez dagoenez, bideak ziren lekuetan mugak ezarri zituzten. Tamalez, Europar Batasuneko kanpoko mugetan behin baino gehiagotan ikusi dugu nola herritarren biziek harresiekin egiten zuten topo.

Balkanetan, elurrez beteriko mendi bidezidorretan, ez atzera ez aurrera ikusi ditugu errefuxiatuak. Are, Mediterraneoan bizi den krisiaren lekuko, altzairuzko puntek urraturiko azala duten pertsonak ikusi ditugu Ceutan eta Melillan altxaturiko hesiak desafiatuz.

Bada, udaberrian, bidaia luze bezain gogor baten ondotik Gipuzkoa eta Lapurdi arteko igarobidea zeharkatzeko zorian ziren herritarrei, murru berria gehitu zitzaien aurrez aurre. Beraientzat enegarren oztopoa zen Behobiko edo Santiago zubiko check point-a. Guretzat, berriz, ezkutuan zen barne-hesi bat irudikatzen zuen. Ikuspegi kontua.

Etendura emozionala

Bidasoaren bi ertzetan bizi diren herritar askorentzat, oroimen ilunez hornituriko muga ixteak etendura emozionala eragin zuen. Sentimenduen gurpil-zoroan gora eta behera ari ginela, mugaz gaindiko bikoteen kontakizunek zirrara berezia eragin ziguten.

Alta, muga bi estatuen eskuduntza izanik, euskal administrazioek ez zioten arreta handirik jarri gure begien aurrean gorpuzten ari zen lurralde-porrotari. Erruak banatu baino irakaspenak ateratzea aukera hobea delakoan, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako buruak erabilitako esamoldea ontzat eman dezagun: «Urteak joan zaizkigu Hegoaldea gure iparra zela konturatu aitzin», aitortu zuen Andre Garretak.

Euroeskualdeari dagokionez, nafar eskuinak hautsi zuen katea berriro osatu zen 2017an. Urte bat geroago, Bihartean mugaz gaindiko ganberaren partaide bilakatu zen Nafarroa. Horren harira egin zuen arestian jasotako adierazpena, hain zuzen, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak.

Lankidetzaren ardatzak

Geroztik, pandemiak erdigunean jarri duen osasun alorreko sektorea izan da mugaz gaindiko lankidetzaren ardatz nagusietako bat, larrialdi zerbitzuak osagarritzeko bidean hiru euskal erpinek garatu dituzten protokoloak ahantzi gabe.

Era berean, elikagaien ekoizpenak eta oro har zirkuitu laburrak sendotzeko egitasmoek kutsu erabat estrategikoa hartu dute ezinbestean. Pandemiaren ostean, eredu kontsumistari loturiko aje klimatikoari erantzuteko premiazko tresna izaten jarraituko dute egitasmo horiek.

Gaur egungo egoera ikusita, garrantzia handia du ondoko hilabetetan dozena erdi bat formakuntza berri emateko Euskal Elkargoak sustaturiko programak. Azken batean, Zuberoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean bertako produkzio ehunari loturiko ikasketak egiteko aukera zabaltzen bada, mugaz gaindiko unibertsitate bat eratzeko erronka inoiz baino ageriago agertuko da.

Zalantzarik ez du Estia ingeniaritza eta teknologia eskolako zuzendari Patxi Elissaldek “Euscampus” bezala izendatu duen egitasmoa lagungarria litzakeela lurraldetasunaren bizipena areagotu eta zerumuga amankomuna marrazteko. 2025. urterako 10.000 ikasle izateko helburua finkatu duen Bidarteko formakuntza zentroko arduradunek ez dute, maleruski, orain artean enpatia handirik atzeman Bidasoaren bestaldean.

Arantxa Tapia EAEko sailburuarekin proiektu hori aipatu ondoren, «han [Gasteizen] ere, Bordelen bezala, beren burua dute lehentasun Iparraldean dirua ezarri aitzin», ondorioztatu zuen Elissaldek. Horrela aitortu zuen Estiako zuzendariak “Ipar Euskal Herriko Hitza” astekariari eskainitako elkarrizketa batean.

Pandemiak ikuspegia egokitzea ezinbestekoa dela irakatsi digu. Neurri berean, bi estaturen artean eta hiru administrazio eremutan banandurik dagoen gure bezalako nazio baten kasuan, lurraldearen erresilientzia garatzeko premia jarri du mahaigainean.